Azken urteotan haurren egunean, hots, ekainaren 25ean, etorri izan dira Euskal Herriko pailazo ezagunenak gurera. Oraingoan, baina, Mertxe Rodriguez Marimototsek iragarri duenez, egun horretan ezin zuten Arrasatera etorri: "Taldean Tolosako eta Lasarteko jende asko dugu eta beraz, sanjuanetan eta sanpedrotan egun bat libratzea erabaki genuen. Ekainaren 25a, hain zuzen". Udaleko Kultura Sailak ekainaren 25ean egin ezin zenez beste data bat aukeratu beharra ikusi zuen.
"Etxean moduan sentitzen gara"
Rodriguezek, bestalde, Monterron parkea oso gustuko dutela dio: "Lekua oso ondo dago eta aurreko urteetan etxean moduan sentitu izan gara". Ikuskizunak ordu eta erdi irauten du asko jota, baina beste horrenbeste egingo dute muxuak eta irriak banatzen. Aurten gainera, irrien klubeko beste pertsonaiak ere aurkeztuko dituzte, lehenengoz, Arrasaten: Tiritatxo, Largabista, Marikalanbre eta Martinbertso.
Ikuskizun berria prestatzen dabiltzala jakinarazi digu Pirritx eta Porrotxen lagunak: "Gidoiarekin ari gara lanean, oraindik itxaron egin beharko dugu".