Modu askotara aurkeztu izan da San Juanetako bertso saioa: batzuetan, Seber Altuben egin izan da; bestetan dragoi janean bertan, eta abar. Azkenengo urteotan, baina, Monterronen egin izan dute, eta badirudi, jendeak hartu duela bertso saioa erreferentzia gisa. Hain zuzen ere, jende dezente batu zen bertan, adin desberdinetakoak, gainera.
Umorea eta jolasa nagusi
Aurreikusi bezala, ordu eta erdiko saioa izan zen. Oso umoretsua eta ikusleen artean barre algara handiak eragin zituena. Gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal berriztarra aritu zen, eta bikain aritu ere! Gai burutsuak ipini zituen, oso umore fin eta dotorez; bertsolariek ere gisa horretan erantzun zuten. Esaterako, Manex Agirre eta Jokin Labayen Arrasateko udal brigadako kide biren paperean ipini zituen. Dragoi janean dragoia desagertu zela-eta, haren bila. Hor sortu zuten bi bertsolariek Aramaio eta Arrasateren arteko lehia eta une oso barregarriak bizi izan ziren. Jolas bat ere ipini zien Berriozabalek; bakoitzari hitz ezkutu bat eman eta hitz horren lehen letrarekin hasten ziren hitzez osatu behar zuten bertsoa. Euskarazko hitz berrien hiztegia sortzeko ere, izan ere, asmatutako hitz ugari bota zituzten. Hala, giro ederrean eta eguraldia lagun garatu zen bertso saioa. Herritarrak pozik, eta antolatzaileak, zer esanik ez.