"Azken urteotako etenaren ostean, txosnak indartzeko apustu berezia egin dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 20a

Hiru egun eskas falta dira San Juan jaiek Arrasate har dezaten. Gazteak jaiaren osagai garrantzitsua dira eta txosna  batzordekoek espero dute Monterron azpiko zelaia gazteen gune bihurtzea, inoiz baino gehiago. Hala, Iñaki Telleria  (Arrasate, 1989) txosna batzordeko kideak gonbita egin die gazteei: "22.000 biztanleko herri baten ez da posible txosna bakarreko txosnagunea izatea", dio. Aurten bi txosna jarriko dira –Monterron parkearen azpiko zelaiko alde bakoitzean txosna bana eta agertokia erdian– eta modu berezian apainduko dute gunea.

Nobedadeak datoz. Herri bazkaritik bertatik hasita, ezta?
Iaz kexa asko egon ziren eta ez zitzaien arrazoirik falta. Herri bazkari bat Arrasaten ezin daiteke 150 lagunetara mugatu eta horregatik aurten, gaztetxean beharrean, Uarkapen egingo dugu. Hala, kopurua hirukoiztu egin dugu. 200 atera genituen eta bi ordutan agortu ziren; gehienez 400 txartel aterako ditugu. Espero dugu kanpoan inor ez geratzea. Kamiseta jasotzera ekainaren 22an etorri behar da gaztetxera, 19:00etan. 

Txosnagunea indartzeko apustua egin duzue. Zergatik?
Azken lau urteotan txosna bakarra egon da sanjuanetan eta lotsa ematen zuen 22.000 biztanleko herri baten txosna bakarreko txosnagunea egotea.

Aurten, lau urteko esperientziaren ostean,  bi txosna jarriko ditugu eta modu berezian apainduko dugu: pankarta, bandera eta bestelakoak erabiliko ditugu. Iaz zelaia eta txosna bakarra zegoen eta jendeak trago bat hartu eta alde egiten zuen. Aurten helburua da jendea erakarri eta denbora batez bertan egotera gonbidatzea. Planteamendua honakoa da: txosna bana alde bakoitzean eta erdian agertokia. Fisikoki ere aldatuko da eta gazteek igarriko dute. Identitatea eman nahi diogu guneari.

Herriak erantzutea espero dugu, jende gaztea inplikatzea. Hala, bai barran txandak egitera eta baita ekintza ezberdinetan parte hartzera gonbidatzen ditugu gazteak. Aurten jendeak erantzun eta ondo irteten bada, hurrengo urtean are gehiago indartuko dugu, hazten joango da. Bestalde, proba moduan ere planteatzen ditugu aurtengo jaiak. Belaunaldi berriak nola datozen neurtu gura dugu.

Eta egitarauari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Ia egun guztiak datoz indartsu. Bezperak ez du pizgarririk behar, eta gainerako egunak asteburua direnez, jende askotxo espero dugu. Nabarmentzekoak direnak, nire ustez: street boulder txapelketa eta zapatu gaueko kontzertuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak