HHI-EPAren egoitza berria, datorren urterako gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 20a

Helduen Heziketa Iraunkorrerako zentro berria –Arrasaten EPA moduan da ezagunagoa– gertu egongo da datorren ikasturtean. Miren Bengoa zuzendariak irailean martxan egotea espero du: "Egoitza berriaren obrak amaitzear daude, azken ukituak bakarrik falta zaizkie. Ekainaren 23an egoitza zaharretik ekipamendua eramaten hasiko gara, hau da, egun horretan hasiko gara lekualdaketarekin".

Ekipamendu berria, noski, beharrezkoa izango da: "Eskaera eginda daukagu. Hezkuntza Sailetik hasi dira mahaiak eta bestelako materiala bidaltzen; aurrerago zerbait falta bada, erosi egin beharko dugu", azaldu du Bengoak. Eskola berria ondo antolatzea gura dute. Zentro berrian egoteko aukera izan dute eta gustura daude: "Aurrekoan ikustera joan ginen eta inpresio oso onarekin atera ginen. Kanpotik iluna izan behar dela dirudien arren, hormak beharrean kristala dago hainbat aldetan eta leku oso argitsua eta alaia izan behar dela uste dugu".

Egoitza barruko antolamendua  nolakoa izango den ere kontatu digu zuzendariak: "Zazpi ikasgela, informatika gela bat, oso polita izango den liburutegia, zuzendaritza gela bat, irakasle gela handia –orain arte sartu ezinik ibili gara-eta– eta itxaron gela bat izango ditu, besteak beste". Arrasate pasealekuan dago: "Erdialdetik gertu dago, oso leku aproposean", uste du Bengoak.

400dik gora ikasle
Egun HHIk 400dik gora ikasle ditu eta Ferrerias kaleko egoitza txiki geratu zitzaien aspaldi.  Hala, zentro berriak euren beharrak asetuko dituztelakoan daude: "Oso pozik gaude Udaletik aukera hau eman digutelako eta espero dugu arrasatear guztiondako kultura eta formazio gune bat izatea". Azkenik, iraileko inaugurazio ekitaldira arrasatear oro gonbidatu gura izan du Bengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak