Konpartsak familia handitu du

Asier Alkorta 2011ko eka. 17a, 16:30

Lau kide berri aurkeztuko dituzte bihar Arrasateko Buruhandi eta Kilikien konpartsakoek. Errementaria, Anbotoko Mari, Basajaun eta Lamia dira buruhandi txiki horiek. 11:00etan Seber Altubetik aterako da kalejira eta 11:30ean ekitaldia izango da Jokin Zaitegin; 13:00etan beste bat, toki berean. Buruhandiak egun guztian ikusgai izango dira kalean eta 18:00etan saiheskia erreko da.

Basajaun, Mari, Ferroia eta Lamina. Tamaina ertainekoak dira eta herriko jai giroa alaitzea dute helburu. Orain, jaiak hastear daudela, jantzi dotoreenak aukeratu eta kalera aterako dira; protagonistak izango dira. Herrikoak dira, herritarrak.

Baina ez dira hezur-haragizkoak. Erraldoiak dira. Erraldoi berriak. Izan ere, aurten, Erraldoi eta Kilikien Konpartsak nobedadea dakar: erraldoi ertain berriak kalera aterako dira, estreinakoz, San Juan egunaren bezperan.

Iazko jaietan erraldoi txikiek herritar guztien begiradak erakarri zituzten, eta aurten ertainak izango dira izarrak. Familia handituta, konpartsak lau kide berriak herritarren aurrean aurkeztuko ditu  bihar.

Kukubiltxoren eskuetan jaio dira laurak. Izan ere, konpartsak Kukubiltxori eskatu dio erraldoi berriak egiteko. "Txikiak ere haiek egin zituzten, iaz, eta berriak egiteko lana ere haiei eskatu diegu", adierazi du Joserra Perezek, konpartsako kideak.

Berriak badira ere, herriarekin lotura zuzena daukate laurek. "Pertsonaia mitologikoak dira, Ferroia kenduta. Baina azken horrek ere badu herriarekin lotura; dragoiarekin batik bat".

Hiru edo lau urteko lana

Ume jaioberriekin gertatzen den moduan, familian kide berri bat egoteak diru aldetik ere esfortzua eskatzen du. "Hiru edo lau urte ibili gara dirua biltzen, horiek egiteko. Iaz, azkenean, Udalak erraldoi txikiak ordaindu zituen".
Guztira, konpartsak hamasei erraldoi ditu biltegian gordeta. "Horietatik lau erakusketarako bakarrik erabiltzen dira. Beraz, kalera ateratzeko hamabi ditugu".

Errementari-dantza egiten den egunean, hau da, San Juan egunaren bezperan, denak aterako dituzte kalera. "Baina gero, jaietan, erraldoi handi bi bakarrik aterako ditugu, ez gara nahiko jende guztiak ateratzeko".

Izan ere, konpartsak azken urteotan izan duen urterik txarrena izan da aurtengoa. "Nagusietan zazpi lagun bakarrik gaude eta ez gara nahikoa 60 kiloko erraldoi handiak kalera ateratzeko. Umeekin ondo gabiltza, gero eta gehiago dira-eta".

Denaren gainetik, herritarrak laguntzeko animatu bitartean, konpartsak bere lanarekin aurrera jarraituko du, orain arte bezala, senide berri eta guzti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak