Bea Arregik, Arrasateko Margo Taldeko kidea eta erakusketako antolatzaile taldekoak eman dizkigu erakusketaren gaineko zehaztasunak:
Galartak bazuen erakusketaren berririk? Gustatu zitzaion ideia?
Bai, bazekien. Hasiera baten sorpresa izan behar zen arren, esatea erabaki genuen gero. Gustatu zitzaion ideia eta berarekin erakusketaz berba egiteko aukera ere izan genuen.
Udalaz gainera, hainbat herritarren laguntza ere jaso duzue.
Bai, sekulakoa gainera, horien artean: Iñigo Arregik hasieratik eskaini zigun laguntza; Josemari Velez de Mendizabalek hainbat elkarrizketa egin zizkion lagun zuen Galartari; Enrike Forondak ere muntaian jardun du...
Galartaren familia ere hasieratik gurekin izan da,besteak beste margolanak batzen…. Eta gero herriko jendeak, orokorrean, ere asko lagundu digu; asko izan dira, margolanak eskaini dizkigutenak. Eskerrik asko!
Zer ikusiko dugun klaustroan?
Asko margotu zuen, beraz, bere obraren zatitxo bat erakutsiko dugu bakarrik: 60 bat koadro eta udaletxean dauden bi mural.
Hiru ataletan katalogatu ditugu: paisaiak, erretratuak eta bodegoiak. Gehienok paisajista moduan ezagutzen dugunez, batutako gehienak paisaiak dira, herrikoak eta kanpokoak.
Galartak kalean margotzen zuen gehienetan baina eguraldi txarra egiten zuenean, etxean margotutako bodegoiak ere jaso ditugu.
Erretratuetan, familiakoez gain, herriko pertsonaiak ere ikusiko ditugu; Dongi, garai bateko udaltzaina horien artean.
Ezaugarri nagusiak definitzerik?
Nagusiena, pintzelada azkarrak erabiltzen zituela esango nuke; horrez gainera, kolore biziak, argitasuna ere polita. Hitz baten, elegantea.
Obrak ikusi bai, baina erosteko modurik ez da izango.
Ez, margolanak ez, baina erakutsiko diren lanekin osatutako katalogoa eskuratzeko bidea izango da; beraz, horra hor Galartaren lan handiaren zatitxo bat denondako eskuragarri.
Bea Arregik Arrasate Irratian kontatutakoak dituzue, segidan entzungai.