Zertan datza Imagine?
Hilabete bateko mintegia da, Silicon Valley bailaran. AEBetako San Frantzisko ondoan dagoen ingurune horretan mundu mailako enpresa garrantzitsuenak daude, hala nola Google, Facebook eta Apple.
Lehiaketa baten modukoa da Imagine, Europako unibertsitate ikasleei aukera ematen diete hara joateko eta enpresa aurreratuenen jakinduria bereganatzeko. Horretarako, lau proiektutan egingo dugu lan.
Zeintzuk dira horiek?
Bat BMW enpresarena da. Mugikortasunaren etorkizunaz jardungo dugu horretan. Bigarrena Everis enpresak eskainiko du. Inteligentzia kolektiboaren eta etorkizuneko heziketaren gainekoa da proiektua. Hirugarrena McCann taldeak proposatzen du; publizitatearen etorkizuna garatzean datza. Laugarrenik, arropa inteligenteen gaia jorratuko dugu; hain justu ere, zelan egin arroparekin poltsikoko telefonoa kargatzeko edo horren bidez lokalizatuta egoteko. Stanfordeko unibertsitatean egongo gara hilabete horretan.
Noiz zoaz?
Uztailaren 1etik 31ra iraungo du programak. Asteburu honetan, dena dela, Kataluniara noa; proiektuan parte hartuko dugun ikasleen arteko lehen hartu-emana izango dugu.
Nolatan sortu da egitasmoan parte hartzeko aukera?
Oso prozesu luzea izan da. Apirilean San Frantziskon egon nintzen, eta programaren arduraduna ezagutu nuen. Europa mailako unibertsitateei zabaltzeko asmoa zuen. Probak gainditu eta Orbea taldeak eskainitako laguntzari esker joango naiz.