Bederatzigarrena bai, baina ez azkena

Arritxu Barruso 2011ko ekainaren 19a

Ezusteko galanta hartu zuten eguazten eguerdian Ana Kortabarriak eta Mikel Lopezek bidegorritik Arrasatera iristen zeudela, GOIENAko kamerak gerturatu zitzaizkienean. Haien zain geunden.

"Galderak guri?", zioten. Bai, noski. Horixe merezi dutela elkarrizketa bat. Santiago bidearen azken txanpa zuten eguaztenekoa. Aurtengoa bederatzigarren aldia dute, eta oraingo honetan joan bakarrik ez, itzuli ere oinez itzuli dira: "1999an egin genuen lehenengo aldiz Santiago bidea eta ordutik hona urtero-urtero errepikatu dugu, beti bide edo ibilbide ezberdinetik".

Arrasate-Santiago-Arrasate
Aurten San Adriango bidea edo Baionako bidea izenaz ezagutzen dena egin dute: "Arrasatetik Gasteizera joan ginen eta handik Argantzonera. Han bidea bi zatitan banatzen da. Joan Burgosko bidetik joan gara eta itzuli, berriz, Santo Domingo de la Calzadatik".
Ibilbide hori guztia zenbakitan ipinita honelako zerbait litzateke: 46 egun, 35 kilometro eguneko, 8 ordu oinez egunero.

Ibiltari amorratuak
Jendeari esaten diotenean Santiago bidea bederatzi bider egin dutela, denetarik entzuten dutela esan digu bikote arrasatearrak: "Batzuek uste dute zoratuta gaudela, adar-jotzeak ere maiz aguantatu behar izaten ditugu. Askok uste dute erlijio kontuagatik egiten dugula urtero bidea, baina gureak ez dauka erlijioarekin zerikusirik. Ibiltzea gustatzen zaigu. Egunero-egunero bi ordu baino gehiagoko paseoak egiten ditugu eta aste bukaeretan gehiago".

Iaz baino jende gehiago aurten
Joatea baino, bueltatzea gogorragoa izan dela kontatu digute: "Aldapak gogorragoak dira bueltan, eta, gainera, bidean bakarrik zoaz. Guztien kontrara zoaz eta ez duzu horrenbeste jenderekin hitz egiten". Dena dela, joaterakoan jende askorekin topo egin dutela azaldu dute: "Jende asko dabil aurten. Iaz Xacobeo urtea izan arren, aurten jende gehiago dabil: frantsesak, alemaniarrak eta korear asko ere ikusi ditugu".   
Bederatzigarrena amaitu barik zutela aurreratu ziguten datorren urtean Ebroko bidea egingo dutela. Zorionak, eta datorren urtean hamargarrena!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak