Musikak eta adrenalinak bat egingo dute Arrasateko gaztetxean, gaur, barikua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 17a

Eguenetik barikura egin du salto Kooltur ekintzen saioak gaurkoan. 'Kooltur ostegunak' ekimenak geldialdia egin duen arren denboralditxo baterako, Kooltur ekintzak taldeak jarduerak antolatzen jarraitzen du. Hala, gaurkoan kontzertu indartsu batekin datoz, 22:00etan. Stricalla eta Kop taldeek jarriko dute musika eta giroa gaztetxean; ikusleek adrenalina askatuko dute, duda barik!

Estricalla taldea Fer Apoa –El Corazón del Sapo, Kuraia, Matxura– eta Kloakao taldeko musikariek osatzen dute. Amorru, abiadura eta tentsio handiko hardcorea egiten dute, sua ere dariona musikan eta hitzetan. Iaz Gimnasia revolucionaria diskoa argitaratu zuten, eta orain dela gutxi Fuegos Olímpicos lana kaleratu dute. Hain zuzen, Arrasaten aurkeztuko dute azken lan hori. Eskola zaharreko hardcorean gaur egun ere biziraun daitekeela erakusten dute behin eta berriz Stricalla taldeko kideek.

Kataluniako Kop

Kataluniako Kop taldeak ere jardungo du kontzertuan. Aspaldiko lagunak dira Arrasateko gaztetxean kataluniarrak. Nekaezina den Juanrak (Speereth...) gidatutako taldea 1998an sortu zen, Speerethen errautsetatik. 2002an, baina, taldea bertan behera geratu zen. 2007an berriro ere bueltatu ziren, indarrak hartuta. Iaz Acció directa lana kaleratu zuten, asmo deklarazio hutsa izan zena.Taldea hardcoretik abiatu bazen ere, gaur egun hurbilago daude metal eta thrashetik soinuetatik.
Taldekideek euren myspace  atarian diote: "Uneotan borrokan darraigu, anestesia borrokatuz konformismoaren mugak gainditzeko. Lehen bezain koherente eta proposamen zein protesten parte izanik alternatibak eta elkartasuna sustatuz behin eta berriro".
Indarra eta jarrera erakutsiko dute bi taldeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak