Txikienak erabateko protagonista izango dira San Juan jaien atarian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 17a

Gainean ditugu sanjuanak, gaur zortzi San Juan eguna izango da.  Eta azken urteetako ohiturari jarraituz, aurreko asteburuan  ekintzez lepo dator egitaraua. Protagonista nagusiak etxeko txikienak izango dira, zalantza barik: Haurren danborrada, erraldoi berrien aurkezpena eta Haur Dantzarien Eguna –300 dantzari espero dira domekan– egingo dira bihar eta etzi.

Ezin dira ulertu sanjuanak erraldoi eta kiliki barik. Bihar egingo dute urteroko kaleko entsegua. Hitzorduaren helburua da urtean zehar haurrekin Saiolango lokalean egiten dutena herriari erakustea. Gainera, aurten egin diren erraldoi berriak herriari erakusteko ere balioko du: Ferroia, Mari, Basajauna eta Lamia.

Horrez gain, dirua batzea ere bada helburua; halaxe dio Iñaki Arsoaga konpartsako kideak: "Krisian gaude eta udaletxetik ez da diru askorik heltzen. Gero eta haur gehiago ditugu eta beraz, gero eta gastu gehiago". Egun osorako egitaraua prestatu dute. 11:00etatik aurrera Saiolango eraikinetik kalejiran irtengo dira Seber Altuberaino. Bertan, txistorra, edaria eta konpartsaren materiala saltzeko txosna txiki bat jarriko dute. Eta, noski, erraldoien saiorik ez da faltako. Bi saio egingo dituzte: lehena, 11:30ean, erraldoi nagusien erreplika diren erraldoi txikiekin. Bigarrena, berriz, 13:30ean: erraldoi berriak jira eta bira jarriko dituzte, lehenengoz.

Bazkalostean saiheski pintxoak eta garagardoa jarriko dute salgai, 18:00etatik aurrera. Haurrendako eskulan tailerra egongo da eta bildots bat ere zozketatuko dute Seber Altuben bertan. 

240 haur biharko danborradan
Bestalde, haur danborrada izango da bihar. 240 bat haur inguruk hartuko dute parte, Juan Luis Arkauz SUDC elkarteko presidenteak: "Haur danborradak arrakasta izaten du beti. Guraso eta ezagun asko joaten dira haurrak animatzera eta haurrek ilusio handiz hartzen dute. Entseguetan zein gogotsu dabiltzan ikusi besterik ez dago". Eguraldiak laguntzen badu "egun polita eta giro ona" egongo dela uste du Arkauzek. Izan ere, iaz Jokin Zaitegi plazan –ondoko irudian– geldialdia egin behar izan zuten euria hasi zelako: "Baina Herriko plazara heltzea lortu genuen", argitu du Arkauzek. Gainerakoan, nobedaderik ez. Ibilbidea urterokoa izango da –Nafarroa etorbidetik irten eta Herriko plazan amaitu– eta Arrasate Musikaleko bandak jarriko du musika.
Azkenik, helduendako zita garrantzitsua: sanjuanetako 15. mus txapelketa jokatuko da Aldape tabernan –batzokia– (16:30).

Duela lau urteko aurrekontua
Jaien antolaketari dagokionez, Udalak duela lau urteko aurrekontu bera duela dio Jon Garai kultura teknikariak: "Aurrekontuak gerrikoa estutzera eta zer antolatu bi aldiz pentsatzera eraman gaitu, eta datozen protagonistekin negoziatzera". Gainera, udal gobernu aldaketak parean harrapatu die aurten: "Utzi berri duen korporazioak onartu ditu aurrekontua eta egitaraua. Hori bai, egitaraua gauzatzea berriei dagokie; jende berriarekin aritu beharko gara lanean. Hala ere, ondo moldatuko garela uste dut" adierazi du Garaik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak