Egun guztiko jaia izango da. 10:00etan ongi etorria izango dute pilotalekuan. Haur dantzarien talde guztiak –Oñati, Aretxabaleta, Antzuola, Soraluze, Legazpi, Aramaio, Atarrabia eta Basauri; eta, nola ez Arrasate bi taldeak– Zaldibarren elkartuko dira. Herriko plazara joango dira kalejiran eta han hamarretakoa egingo dute.
Etxeetan bazkalduko dute
Dantza erakustaldia egingo dute ondoren herriko kaleetan, taldetan banatuta. 13:30ean berriro elkartuko dira plazan eta haurrak etxeetara banatuko dituzte.
Alardeko dantzak
Alardea hasteko Agurra egingo dute lehenengo eta gero mutilek eta neskek banatuta egingo dituzte hainbat dantza. Amaieran, denek batera Gorulari, Txantxoak eta Larrain dantza egingo dute.
Dantza saioa amaitu ondoren Kaixo taldearen eskutik musika egongo da herriko plazan. Bestalde, euria egingo balu ekitaldi guztiak Uarkapen egingo lirateke.