Dragoi janerako txartelak asteburuan jarriko dituzte salgai

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 16a

Ekainaren 24an, San Juan egunean, egingo den Dragoi janerako txartelak asteburuan jarriko ditu salgai AEDk, ohiko saltokietan: Monte, Kajoi eta Irati tabernetan eta AEDren egoitzan bertan. Prezioa iazko bera izango da: 15 euro AEDko bazkide ez direnendako eta 12 euro AEDko bazkideendako. 21:00etan hasiko dira afariak ematen.

AEDko arduradunek jakinarazi dutenez aurten ere ez da girorik faltako: "Urtero moduan girorik ez da faltako afalostean: Jon de Andres gazteak gidatuta, herritarrak izango dira protagonista. Arrasateko Bertso eskolako hiru kidek emango diote hasiera afalosteari, Ane Zuazubiskar, Maddi Labayen eta Xabi Igoa. Ondoren, Portaloi elkarteak eta Trikitixa eskolak kantu eta dantza emanaldi bat eskainiko dute jendeak parte har dezan eta bukatzeko, 2. Dragoi tribiala egingo da", jakinarazi dute prentsa ohar baten bidez.

Bestalde, Txosna batzordeak modu batera edo bestera bat egin du dragoi janarekin. Izan ere, afariaren aurretik txosnetan "dragoitxoak" dastatzeko aukera egongo da. 20:00etan, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak