Entsegua herriaren aurrean zapatuan, erraldoien familiako kide berriak aurkezteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 15a

Zapatuan, ekainak 18, erraldoi eta kilikiek kaleko entsegua egingo dute. Helburua da urtean zehar haurrekin Saiolango lokalean egiten dutena herriari erakustea eta aurten egin diren erraldoi berriak herri osoari erakustea. Hala azaldu du Iñaki Arsoaga erraldoi eta kilikien konpartsako kideak. Horrez gain, dirua batzea ere izango da helburua; halaxe dio Arsoagak: "Krisian gaude eta udaletxetik ez da diru askorik heltzen. Gero eta haur gehiago ditugu eta beraz, gero eta gastu gehiago".

Egun osorako egitaraua prestatu dute. 11:00etatik aurrera urte osoan zehar erraldoi eta kiliki taldearen egoitza den Saiolango eraikinetik kalejiran irtengo dira Seber Altube plazaraino. Han geldialdi egingo dute erraldoi berriak egun osoan zehar erakusgai uzteko. Bitartean, txistorra, edaria eta konpartsaren materiala saltzekoa txosna txiki bat jarriko dute, 11:00etatik 14:30ak arte. Eta, noski, erraldoien saiorik ez da faltako. Bi saio egingo dituzte: lehena, 11:30ean, erraldoi nagusien erreplika diren erraldoi txikiekin. Bigarrena, berriz, 13:30ean izango da eta erraldoi berriak herriaren aurrean jira eta bira lehen aldiz jartzeko balioko du.

Bapo bazkaldu eta Seber Altubera berriro

Arratsaldean, haurrek elkartea gastronomiko baten bapo bazkaldu ostean, sahieski pintxoak eta garagardoa jarriko dute salgai 18:00etatik aurrera. Haurrendako eskulan tailerra ere egongo da erraldoiak gai hartuta denetariko eskulanak egin ditzaten.

Bestalde, egun osoan zehar bildots baterako errifak salduko dituzte: egunaren amaieran zozketatuko da bildotsa, Seber Altube plazan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak