Jonathan Perez gogotsu dago berak utziko duen erreleboa nork hartuko duen ikusteko. Gipuzkoak, eta Euskal Herriak, azken hamarkadan eman duen pertika jauzilari onena da Arrasatekoa, eta oraindik ere soka luzea geratzen bazaio ere, dagoeneko hasi da errelebo bila. Eta etxean du errelebo hori. Perezen aginduetara egiten du lan Istar Dapena gazte arrasatearrak, eta kadete mailako atleta oraindik gaztea bada ere, bide polita darama.
Arrasatekoa Valladoliden izan da, Espainiako Txapelketan, eta bigarren sailkatuta itzuli da, 3,55 metroko saltoarekin. Dapenaren marka onena, baina, 3,65ekoa da. Dapenak hilaren 26an izango du hurrengo hitzordua, Kadete mailako Espainiako Txapelketarekin. "Beste dominaren bat lortzea espero dugu, lan ondo egiten dakien atleta baita”, adierazi du Jonathan Perez entrenatzaileak.