12:00etan puntuan hasi da udal eraketarako plenoa. Itziar Lamarain –zinegotzi zaharrena– eta Ander Rodriguezek –zinegotzi gazteena– osatutako Adinekoen mahaiak gidatu du korporazio eta alkate berriaren eraketa. Espero moduan joan da ekitaldia osoa eta ordu erdi eskas behar izan dute zinegotzi bakoitzak zin egin eta alkate berria aukeratzeko.
Alkate berriaren lehen adierazpenak
Ohikoa den moduan, alkate berriak lehen hitz batzuk izan ditu. Hona hemen Inazio Azkarraga-Urizarrek esandakoak:"Agintzeko ez daukagu formula magikorik, baina lan egiteko gogoa eta indarra izugarriak dira. Gure egitasmoa herritar guztien ongizatea ziurtatzeari begira garatuko dugu eta era berean, egungo krisi ekonomikoaren kaltetuen beharrei erantzuteko arituko gara".
"Arrasatearrok gatazkaren konponbide demokratiko baten eta gizarte justuago baten alde gaudela ozen esan dugu. Hasi berri den agintaldi honetan indar guztiak jarriko ditugu prozesu demokratikoa aurrera ateratzeko".
Esandako moduan, ikusmin handia piztu du ekitaldiak eta osoko bilkuren aretoa herritarrez lepo bete da. Botoak zenbatu eta Azkarraga-Urizar alkate izango zela jakin denean txalo zaparrada batekin hartu dute bertaratutako herritarrek albistea. Bitxikeria moduan, ekitaldiaren hasieran herritar bat atera behar izan dute zorabiatu eta lurrera jausi delako. Horrez gain, ez da bestelako une aipagarririk bizi izan.