Eraikinaren gurasoak, nolabait esateko, pozik agertu dira Estatu mailako aldizkariak hartutako erabakiarekin. "Guretako albiste pozgarria da", esan du Asier Hormaetxe arkitektoak.
Hormaetxek buruz buru lan egin du Aritz Etxebarriarekin. Biak Biark arkitektura enpresako kideak dira eta haien meritua da eraikina izaten ari den ospea. Biak dira Etxaluzeren guraso.
Eraikina egiteko burutazioa nondik etorri zitzaien galdetuta, bezeroaren eskaeretara mugatu zirela diote. "Udalak eraikinak izan behar zuen funtzioaren gaineko pauta batzuk eman zizkigun eta guk horren arabera diseinatu genuen Etxaluze. Eta, azkenean, horixe izan da emaitza", dio Hormaetxek.
Kanpotik zein barrutik, eraikina bitxia da eta bi arkitektoek ondo dakite hori. "Barrutik hiru soliru ditu Etxaluzek, baina hirurak konektatuta daude. Horretaz gainera, kanpoko argia aprobetxatzeko, sabaian kristala ipini genion".
Egindako lanaz "gustura" egoteaz gain, eraikinak edukitako oihartzunaz ere oso pozik daude. "Egin genuenean bagenekien eraikinak zeresana emango zuela, onerako edo txarrerako".
Oihartzunaren arrazoiak
Proyecto Contract-ek eraikina ekaineko zenbakian argitaratzeko aukeraketaren arrazoiak ere badakizkite Hormaetxek eta Etxebarriak. "Formaz gain, Etxaluze ingurunean nola integratu dugun gustatu zaie, baita eraikinaren barruko hiru solairuak nola banatu ditugun ere".
Kanpotik eraikinaren barrura sartzen den argitasuna nola aprobetxatu duten ere kontuan hartzeko faktore bat izan da aldizkariarentzat. "Horrek ere harritu egin ditu", dio Hormaetxek.
Etxaluzek estilo berezia badu ere, arkitektoek ozen diote estilo finkorik ez dutela. "Bezeroak eskatzen duenaren arabera gauza bat edo beste egiten dugu. Ez daukagu estilo propiorik".
Bigarrengoz aldizkarian
Ez da lehen aldia Proyecto Contract aldizkariak Biark-ekoek egindako lana argitaratzen duena. Izan ere, aurreko zenbaki baten bi arkitektoek Bilbon egindako jatetxe baten erreportajea egin zieten. Eta, gainera, Espainiako 100 jatetxe onenen artean sartu zuen aldizkariak Hormaetxeren eta Etxebarriaren lana.