Vicente del Bosque Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2011ko ekainaren 9a

JMA eta Gureak enpresak bisitatu ditu gaur goizean Vicente Del Bosque Espainiako futbol selekzioko hautatzaile eta entrenatzaileak. Venezuelatik etorri berri, Debagoienean izan da. Argazkiak hemen.

Espainiako futbol hautatzailea JMAko bezero on baten laguna da, eta haren bitartez jakin zuen Arrasateko lantegi horren alboan Gureak enpresa dagoela. Bertatik bertara ezagutu nahi eta hantxe izan da gaur, Venezuelatik itzuli berri.

Bi enpresotako langileei izugarrizko ilusioa egin die iaz munduko txapelketa lortutako entrenatzailea ondoan edukitzeak. Sorpresa gaindituta eta hasierako lotsa galduta, harrera ezin beroagoa egin diote, txalo eta txistu artean, eta agurtu ere gisa horretan egin dute; ez dute aukerarik galdu, noski, harekin argazkia atera edo sinadura eskatzeko.

Bazkaltzeko bidea hartuta, etxean ez zietela sinistuko esanez irten dira atetik Gureak-eko langileak.

Ez da lehen aldia del Bosquek gutxitasun intelektuala duten pertsonekiko sentsibilitate berezia erakusten duela; izan ere, Down sindromea duen seme bat dauka.

Gureak moduko enpresen garrantzia azpimarratu du Del Bosquek: "Gureak moduko enpresak beste enpresa batzuekin lehiatzea oso garrantzutsua da" esan du. Eta gaineratu du etxean moduan sentiarazi dutela.

Realari buruz ere mintzatu da: "ondo hasi zen, baina azkenean sufritu egin du. Harrobia ondo lantzen du Realak eta orain ikusi behar entrenatzaile berriarekin zela moldatzen den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak