Lehen bozketan Inazio Azkarraga-Urizarrek gehiengo osoa jasotzea espero da zapatuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 8a

Zapatuan, ekainak 11, izango da inbestidura edo udal eraketarako eguna. Korporazio berria eta alkate berria eratzeko plenoa da, hain justu. Gero, 30 eguneko epean beste pleno bat egin beharra dago, udal batzorde bakoitzeko burua aukeratzeko. Udaletxeko osoko bilkura aretoan da hitzordua, zapatuan, 12:00etan.

Adineko mahaiak delakoak gidatuko du eraketa prozesua. Hau da, egun horretan Udalak ez du bururik eta adina izango da prozesua gidatzeko irizpidea. Zinegotzi zaharrenak eta gazteenak hartuko dute ardura hori; zaharrena da Itziar Lamarain eta gazteena Ander Rodriguez.   

Hasteko eta behin, zapatuan aurkezten diren hautagaiak hauteskundeetako zerrendan aurkeztu ziren hautagaiak direla ziurtatu beharko dute, aurrez aurkeztutako kredentzialekin. Hori, finean, formalismo hutsa da. 

 Zinegotzi bakoitzak kargua hartzen duenean zin egin beharko du legeak agintzen duen formula estandar bat irakurriz. Hau da, Arrasateko 21 zinegotziek banan-banan eman beharko dute hitza. Une horretan eratuta geratuko da korporazioa.

Alkate berria lehen txandan

Eguneko bigarren puntua da alkatearen aukeraketa. Hautagaiak izango dira korporazio berrian sartu diren alderdien zerrendaburuak. Isilpeko bozketa bidez –zinegotzi bakoitzak balio bera duen boto bat– aukeratuko da alkatea. Lehen txanda horretan norbaitek gehiengo absolutua lortzen badu, hori izango da alkate. Eta Arrasaten hala izatea espero da, hau da, Bilduk gehiengo osoa lortu zuenez, Inazio Azkarraga-Urizar aukeratua izatea espero da. Azkenik, adineko mahaiak alkatea izendatuko du eta hor amaituko da inbestidura plenoa. Ohikoena da, alkate berriak adierazpen batzuk egitea, Arrasateko alkate moduan egingo dituen lehen hitzak, hain zuzen.

Gero, 30 eguneko epean beste pleno bat egin beharra dago, udal batzorde bakoitzeko burua aukeratzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak