Erantzun horren aurrean, ARTko arduradunek "lotsagarritzat", hartu dute AUKEAren jokabidea. Hala, klub zuri-moreak AUKEAren ardura bakarra kudeaketa ekonomikoa dela salatu du, “kirola sustatzearen garrantzia alde batera utziz”.
Arrasate Errugbi Taldetik jakinarazi dutenez "klubak, Rugby Soluciones elkartearekin batera, Euskal Errugbi Federazioko Zuzendaritza Teknikoa Arrasatera ekartzea lortu du". Zentzu honetan, datozen hiru asteburuetan jokalari eta entrenatzaileak trebatzeko hainbat jardunaldi burutzeko asmoa zuten. Arlo teorikoko klaseak Euskal Herriko Unibertsitateak Eibarren duen campusean ematea zen euren asmoa, praktikoak, berriz, Mojategin.
Horrelako ikastaro bat Euskal Autonomi Erkidegoan burutzen den aurreneko aldia da, horregatik Arrasate Errugbi Taldeko arduradunak berehala jarri ziren harremanetan AUKEArekin beharrezkoak diren baimenak eskatzeko. Honen aurrean, kirol entitateak instalakuntzak erabiltzen diren ordu bakoitzeko 64,60 euro eskatu dizkio Arrasate Errugbi Taldeari, eta ikastaroan parte hartuko duten pertsonek sarrerak ordaintzea, baldin eta abonatuak ez badira.
AUKEAk azken urteetan jarraitu duen politikarekin bat etorri ez arren, Arrasate Errugbi Taldeko ordezkariek ez zuten horrelako erantzuni espero. “Arrasteko kirolaren alde lan egiten dugu, ea ohartzen diren”.