Ez dute inongo liskarrik sortu nahi Arrasate Bizirik-en pintxo potearekln; eraginkorra den formula hori erabili gura dute. Hori bai, pintxoaren kalitatea hobetu gura dute. Nola? Bada, mokadutxoak Ibai-Gane janari dendatik ekarriz. Datorren eguenean, hilak 16, jarriko da martxan.
Honako taberna hauek hartuko dute parte ekimenean: Ekaitz, Iluntz, Basati, Irati, Jai-Zale eta Dat. Irati tabenan diharduen Igor Letona da Gorripotearen sustatzaileetako bat; eta ukaezina den lehen galderari honela erantzun dio.
Hau da, honela azaldu du Arrasate Bizirik-en pintxo poteoan ez sartu izana: "Ekimen positiboa da, ostalaritzak bizi duen egoera zailari aurre egiteko formula egokia. Beraz, dinamika interesgarria dela deritzogu. Baina eurak taberna konkretu batzuetan egitea erabaki zuten, guk ez genuen inongo gonbidapenik jaso, eta orain ekimenarekin bat egitea pentsatu dugu, baina gure kabuz".
Ekainaren 16an hasiko dira eta Sanjuanetan etenaldia egingo dute. Uztailean ekimenarekin jarraituko dute eta abuztuan, berriz, geldialdia etorriko da.