Oso ezaguna eta komentatua izan zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, baina gaur egun ere askorendako arazo potoloa izaten jarraitzen du.
Epaitegietara jo izan dute bezero batzuek, ustezko iruzurra argudiatuta, eta hainbat sententziak arrazoia eman diete. Zenbait kasutan, taldeko kereilak izan ziren, eta komunikabideetan titularrak eman zituzten. Adibidez, 2002. urtean Espainian oso ezagun egin zen Britainia Handiko 300 lagunek Fuengirolan ipini zuten kereila, herrialde bereko 50 enpresa fantasmaren aurka, esanez 19.000.000 euro iruzur egin zizkietela praktika hura erabilita.
Bada, gaur egun ere, demandak bultzatzea eta "enpresa horien aurka egitea" helburutzat hartu duen arrasatear bat dago: Alberto Mondragon. Bera ere kaltetua da, eta beste kaltetuei lagundu gura die. Horretarako, www.denuncioestafa.com webguneaz arduratzen da, kaltetuekin batzarrak antolatzen ditu Euskal Herrian eta Espainian, eta dagoeneko mundu osoko 4.000 pertsona jarri dira berarekin harremanetan, laguntza bila.

Joko psikologikoa
Mondragonek aldarrikatzen du denbora konpartituaren praktika ez dela iraganeko kontua: "Sekulako informazio falta dago".
Bere kasua azaltzen du: "Posta elektronikoz mezu bat ailegatu zitzaidan, esaten home cinema bat emango zigutela, eta Donostiako hotel baten egingo zuten hitzaldira joan besterik ez genuela. Susmatu genuen zerbait saldu gura zigutela, baina ez genekien zer".
Hortik aurrera, "joko psikologikoa" hasten dute, Mondragonen esanetan, eta saltzaile batek lau edo bost ordu ematen ditu pertsona bakoitzarekin, produktuaz konbentzitzen.
Azkenean, jende askok kontratu bat sinatzen du han bertan.
Mantenu kuotak dira gakoa
Denbora konpartitua, berez, Kanadan eta Europako iparraldean asko erabiltzen den sistema bat da. Oporretako leku baten dagoen higiezin bat urtean epe jakin baten erabiltzeko eskubidea ematen zaie hainbat pertsonari, kontratu bidez eta prezio on baten. Diru-sarrera bat ordaindu behar da eta, gero, urtean mantentzerako diru kopuru bat, KPIaren edo enpresaren eta bezeroaren artean adostutako beste modu baten arabera handitzen dena.
Baina askorendako, Alberto Mondragon kasu, esperientzia ez zen ona izan eta iruzur baten biktima sentitu ziren: "Urteko aste bat saltzen dizute, baina beharbada azaroan edo abenduan da". Noiz den ez dute esaten; asteak zifren bidez izendatzen dituzte. "Inork ez du nahi neguan kostaldera joatea; horregatik, erabili ezin duzun eskubide bat saltzen dizute", esaten du arrasatearrak.
Jende asko inoiz joan gabe gelditzen da. Baina joaten direnek sorpresa txar bat dute zain: "Lekua penagarri egoten da, bertan behera utzita. Niri argi geratu zitzaidan mantenu dirua ez zela apartamentuetan inbertitzen.
Hortaz, nora zihoan nire dirua?", esaten du arrasatearrak.
Berak azpimarratzen duenez, mantenu kuota da benetako arazoa. "Letra xehean esaten du KPIaren arabera edo apartamentu multzo bakoitzaren arabera handitzen dela kuota. Horrela, lehenengo urtean, adibidez, 100 euro kobratzen dute; bigarrenean, %100 handitzen dute; hirugarrenean, %200… Eta kuota hori bizi osorako da".
Horrez gain, banketxeari kreditua eta interesak ordaindu behar zaizkio. Azkenean, ordaindu ezin duen zorra sortzen zaio jende askori. "Momentu horretan, jende askok kuotak ordaintzeari uzten dio", esaten du Mondragonek.
Baina horrekin ez da arazoa konpontzen, Gorka Agirre eibartarraren gurasoek dakiten moduan: "1.500 euroko zorra eskatzen diete, bestela etxea enbargatuko diela esanda. Horren beldurrez, berriz ordaintzen hasi dira", azaltzen du Gorka Agirrek.
Musu-truk
Mondragon beste bi lagunekin elkarlanean dabil orain. "Kaltetuei eta euren abokatuei aholkularitza ematen diegu, kaltetuak ordezkatzen ditugu, eurekin batzartzen gara…", azaltzen du. Hori guztia musu-truk egiten du, kanpoko eta etxeko lanek uzten dioten denbora librean. "Elkarte bat sortu nahi dugu laguntza zerbitzu hau emateko eta orduan, beharbada, gehiago dedikatu beharko naiz horretara, hau baita benetan egin nahi dudana", esaten du.