Aurten, 'La Revoltosa': alaitasuna eta amodioa dakartzan zarzuela

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 7a

Izaskun Murgia elkarte lirikoak La Revoltosa zarzuela egingo du aurten. Tere Gonzalez zuzendari orokorrak aspaldi erabaki zuen 2011ko zarzuela, urtarriletik gutxienez. Izan ere, lan handia eskatzen du azaroko azken bi aste bukaeretan Amaia antzokia betetzen duen zarzuela egiteak. Martxoan hasi ziren entseguekin eta Gonzalezen arabera, jantziak eta agertokia ia amaituta daude.

Ekainaren 13an egingo dute lehen entsegua, musikari eta eszenarako beharrezkoak diren osagai guztiekin: "Lan handia eskatzen du eta azaroan dena ondo irten dadin denboraz hasi behar gara lanean".

Madrilen girotua aurten ere
Iazko La Gran Via eta duela hiru urteko El Barberillo de Lavapies zarzuelen antzera, aurten ere Madrilen girotutako obra aukeratu du Gonzalezek. Protagonisten artean bi nabarmenduko dira: Mari Pepa eta Felipe. Bi protagonista horien paperak Susana Vazquez eta Enrique Altuna arrasatearrek beteko dituzte, hurrenez hurren.

Bestalde, XIX. mendeko Madrilen girotutako zarzuela jendearen gustukoa dela deritzo zuzendari orokorrak: "Jendeari asko gustatzen zaio. Kantuak oso alaiak direlako aukeratu dut La Revoltosa, baina oso motza denez, sei emanaldi gehiago egingo dira". Hauek dira aparteko sei saio horien izenburuak: La verbena de la paloma, El año pasado por agua, La Calesera, El bateo, Agua, azucarillos y aguardiente eta Romanzado de los claveles.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak