Txikitatik zuri-morea defendatzeaz harro, heldu da lekukoa uzteko unea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 6a

Adina, lana eta "behingoz" norberarendako denbora izatea. Horiek dira ibilbide osoa –edo ia osoa– Mondran egin duten jokalariek futbola uzteko eman dituzten arrazoien artean gehien errepikatu direnak. 2010-2011 denboraldia belaunaldi aldaketarena izango da klubarendako, izan ere, txikitatik elastiko zuri-morea defendatu duten lehen taldeko sei jokalarik agur esan diote futbolari. Mondran hasi eta Mondran amaitu: Jon Muruamendiaratz, Illart Etxeberria, Ekain Garin, Iker Laspiur, Jon Loiti eta Iban Roa.

Atzetik datozenei lekua uzteko unea dela uste du Muruak: "31 urte ditut dagoeneko eta bada garaia gazteei lekua uzteko. Gainera, niretako denbora gehiago izatea asko eskertuko dut. Hori bai, denborialdiaurrea heltzen denean igarriko dut zerbait falta zaidala", dio.

Etxeberriak, bestalde, futbolaz gain beste motibazio batzuk bilatu gura ditu: "Futbolak asko eman dit baina dena ez da futbola. Gainera, adinean aurrea goaz eta beste zaletasun batzuk ere asetu nahi ditut".

Taldeko beste beteranoenetako batek, Ekain Garinek, lana du arrazoi nagusi: "Hiru errelebotara ibili naiz azken zazpi urteotan eta horrek asko nekatzen du. Horrekin batera, lehen baino ilusio gutxiagorekin ari nintzen azkenaldian; heldu zait ordua". 

Iker Laspiurren erabakian  ere lanak du pisu gehien, baina honakoa ere gaineratu du: "Hankek nahikoa dela esan didate eta erabakia hartuta dago. Gainera, ezin naiz kexatu agurra oso berezia izan zelako: jende berezia harmailetan, lagunak pankarta eta guzti zelaian eta hori gutxi balitz, aurreskua. Oso hunkigarria izan zen".

Jon Loitiren kasuan duela bi urte izandako mokorreko lesioak eragin du agurra, eta baita lanak ere: "Operatu ostean, medikuek esan zidaten berriz ere lesionatu nintekeela asko behartuz gero. Eta entrenatzera lanetik zuzenean joateaz ere nekatuta nengoen; eskertuko dut denbora libre gehiago izatea".

Azkenik, Iban Roak honela azaldu du futbola uztearen erabakia: "Azkenerako nekatuta nengoen eta lanarekin ez zait bateragarria. Hala, asteburuetan askatasun gehiago izango dut; hori bai, kirola egiten jarraituko dut, baina nire kontu". Enrique Tenak ere utzi du futbola, azken bi urteak Mondran egin ostean.

Kirola egiten jarraitzeko asmoa
Federatu izateari utzi diote, baina horrek ez du esan nahi kirola egiteari utziko diotenik. Izan ere, guztiek adierazi digute euren kontura izerditzen jarraituko dutela. Futbitoaz gain –"beti egongo da Zaldibarko futbito txapelketa", dio Muruak–, bizikletara igotzeko asmoa erakutsi dute gehienek.
Datorren denboraldian Mojategiko harmailetan  egongo direla ziurtatu dute, "etxeko partiduetan behintzat", taldea animatuko dutela. Goiz da oraindik futbol zelaian ikusiko dutena aurreratzeko, baina argi dago batazbesteko adinak behera egingo duela. Iban Rodriguez ohituta dago gazteekin lan egitera –UDAko gazteak mailaz igo zituen bi urtez jarraian–, eta horrek azken urte irregularrari ilusioz aurre egitera gonbidatzen du kluba. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak