Bera Bera, nazioarteko zazpiko txapelketan nagusi

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 5a

Errugbi partiduak izan ziren nagusi zapatuan, Arrasateko Mojategiko berdeguneetan. Goizean, kadete mailako Euskadiko Zazpiko Errubgi Kopa jokatu zen. Bizkaia aldera joan zen titulua; hain justu ere, Getxok irabazi zuen. Arratsaldean, ostera, Nazioarteko Zazpiko Errugbi Txapelketako XIII. edizioa jokatu zen han. Urrezkoen barruan, Bera Berak irabazi zuen.

Aurrenekoan txapelketan parte hartu duten 10 taldeak hiru multzotan banatu ziren. Elkarren kontra  indarrak neurtu, eta bigarren faseari begira, hiru kategoria ezarri dira: urrezkoa, zilarrekoa eta brontzezkoa. Urrezkoen barruan, esan bezala, Bera Berak irabazi zuen; Bordeleko Etutiants Club eta Hernaniren aurretik. 

Zilarrezkoan Ordizia irten zen garaile, Elorrio bigarren, eta Arrasate hirugarren. Brontzeko kategorian Gaztedik irabazi zuen, La Unica eta Getxoren aurretik. 

Mikel Guembe, jokalari onena

Mojategin jokatutako partiduen ostean, Herriko plazako karpan  elkartu ziren jokalariak. Bera Bera taldea saritzeaz gain, txapelketako jokalari onena ere izendatu zuten; hain justu ere, Bera Berako Mikel Guembe.

Sari banaketaren ostean, pozik azaldu ziren Bera Berakoak. Arrasatera urtero "gustura" etortzen direla jakinarazi ziguten. Euskal Herri mailako taldeendako "nahitaezko" hitzordua dela esan zuten; lehen nahiz bigarren mailako taldeendako. Horren harira, txapelketan erakutsitako maila "ona" nabarmendu nahi izan zuten.

Kadeteetan, lau talde

Esan bezala, goizean, Kadete mailako Euskadiko Zazpinako Errugbi Kopa jokatu zen. Lau talde lehiatu ziren: hain justu ere, Gernika, Hernani, Getxo eta Arrasate Durango taldeak. Norgehiagokak10:30ean hasi ziren, eta Getxo bi garaipen eskuratu duen talde bakarra izan zenez, horrendako izan da titulua. Gainerakoek partidu bana irabazi zuten; Arrasate Durangoren kasuan, Gernikaren kontra nagusitu zen 21-5. Getxoko mutilen kontra jokatutakoan 7-22 irten ziren debagoiendarrak galtzaile. Hernanirekin izandako lehian, ostera, 0-31 galdu zuten.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak