Elkartasun eguna bihar Arrasaten presoen eskubideen alde

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 3a

Bihar, zapatua, ospatuko da Euskal presoen aldeko Elkartasun Eguna. Bost urte beteko ditu aurten Portaloira topaguneak antolatzen duen ekimenak. Urtero moduan, egun osoko egitaraua prestatu dute. Zuzeneko musika izango da protagonista oraingoan ere.

Parrilada bost eurotan

Irati tabernatik hasita, 12:30ean bertso eta trikitixaz bustitako poteoaz ekingo diote egunari, Jokin Labaien eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin batera. Gero parrilada herrikoia egingo dute Biterin, 14:00etan. Iazkoari eutsiko diote: txartelak unean bertan erosiko behar dira, bost eurotan. Bi menu aukeran: normala eta begetarianoa.

Musikak protagonismo berezia

Egunean zehar herriko kaleetan eta tabernetan musikaz gozatzeko aukera paregabea egongo da, eta gauean, ostera, gaztetxean egingo dute kontzertua. Azken urteetan indar handia hartu du elkartasun festak eta musikak protagonismo berezia izan du beti.
Punk-rock kontzertua izango da gaztetxean eskainiko dutena. 22:30ean hasiko da eta sarrera kostako da 5 euro.

Berlineko doinuak

Alemaniatik etorrita, Slamtilt taldeak jardungo du gaztetxean. 90eko hamarkadako Berlineko taldea da. Ez da lehenengo aldia Arrasateko gaztetxean jardungo dutena; izan ere, bai Arrasaten eta baita Euskal Herriko beste gaztetxe batzuetan ere jardundakoak dira Slamtilt taldekoak.
Musika zuzena eta bortitza egiten dute, punk eta hardcore arloan pareko gutxi dituzte.
Berlinekoak izango dira protagonista nagusiak, baina gaztetxeko agertokira beste hiru talde ere igoko dira. Arrasateko, Mungiako eta Elorrioko taldeak, hain zuzen.

Etxekoak ere oholtza gainean

The Motherfuckers etxeko taldea Enboskada, Des-Kontrol, Dirty Acoustic Brothers eta beste hainbat taldetan ibilitako kideek osatzen dute. Beteranoak diren arren aspaldiko partez elkartuko dira punk-rock emanaldi dotorea egiteko bihar.
Sermonds Elorrioko taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du Arrasaten. Gitarra indartsua eta melodia nabarmeneko punk-rock doinuak egiten dituzte bizkaitarrek. Azkenik, Itziarren semea Mungiako ska, punk, hardcore eta reggae taldeak jardungo du gaztetxean.

Tabernetan 13 talde

Arratsalde partean, 17:00etatik 20:00etara, 13 taldek girotuko  dituzte tabernak. Punka eta Oi! doinuak nagusituko dira, baina punk-rocka, psikodelia eta popak ere izango dute euren lekutxoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak