Segurtasun enpresa batek zainduko du Garagardo jaiko karpa azken asteburuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 1a

"Bandalismo ekintza bat, formarik puruenean". Halaxe azaldu ditu Arrasate Rugbi taldeko Ramon Barrutiak joan den eguen eta zapatu gauean emandako gertakariak: "Karparen oihala laban batez pitzatuz sartu ziren bi gauetan, eta denetariko materiala apurtu, garagardoa edan eta jatekoa hondatu ziguten. Pentsa, gau baten kaka ere egin ziguten karpa barruan; guretako galera handia izan da".

Arrasate Rugbi Taldearen Garagardo jaia ez da espero bezain ondo hasi. Eta ez da izan jendea hurbildu ez delako, ez horixe. Ondo edatera eta jatera joan ziren herritarrez gain, lehen asteburuan –aurten bi asteburuz luzatu dute, lehenengoz– antolatutako ekintzetan jende dezentek hartu du parte, besteak beste, poker eta mus txapelketetan. Jaia desitxuratu duena izan da gutxi batzuen jarrera: gauez karpa zulatuz barrura sartu eta barruan ahalik eta triskantza handiena eragin. Ez da lehen aldia izan, baina oraingoan galerak askoz handiagoak izan dira. Hala, eta gertatutakoak ikusita, antolatzaileek segurtasun enpresa bat kontratatzea erabaki dute eguenetik zapatura. Izan ere, azken asteburuan eguenetik zapatura bitartean egongo da karpa zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak