Manifestazio honen helburua da "Abiadura Handiko Trenaren aurka dauden sektore sozial anitzen bilgunea izatea". Azpiegitura honen obrak gelditzearen, gizarteari erabakitzeko eskubidea itzultzearen eta, gaur egungo garraio eta lurralde antolaketa ereduaren inguruan eztabaida sozial zabal bat irekitzearen alde dauden sektore guztiak mobilizatzea nahi dutela esan zuen Mila Elortza AHT Galditu! Elkarlaneko bozeramaileak.
AHTren lanak motel
Elortzak gogoratu zuen Euskal Y-aren lanak motel doazela hainbat tramutan, diru falta dela-eta, eta hiriburuetarako sarrerak definitzeke daudela oraindik. Eta "ofizialki obrak inauguratu dituzten zati batzuetan, ez dira obrak hasi". Esan zuen, era berean, Nafarroan obrak oraindik hasteke daudela. Eta Iparraldean finantzazioa dela-eta batik bat, eztabaidak piztu direla obraren komenigarritasunaren gainean.
Hausnarketa alderdiekin
Era berean, AHT Elkarlaneko kideak adierazi zuen gutun bat igorri diotela Aralarri, Bilduri, NaBairi eta Ezkerrari, hauekin batera, "Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokaren inguruan hausnarketa konpartitzeko asmoz". Gutun horretan aipatzen dute, batetik, Abiadura Handiko Trenak "politika sozial eta ingurumenean dakartzan ondorioak oso larriak" direla. Bestetik, AHTren aurkako indarrak eta sektore desberdinak "biltzeko baldintza sozial eta ekonomikoak ematen direla".
Manifestaziorako arrazoiak
Azkenik, ekainaren 11n Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartzeko arrazoiak azaldu zituen Elortzak. Honako hauek:
- Abiadura handiko Trenak duen diru xahuketa salatu.
- Obretan ari diren langileek dituzten lan baldintza negargarriak ere salatu.
- Euskal lurraldea "suntsitzen" ari dela salatu.
- "Inposatu diguten eredu sozioekonomikoaren ondorio" zuzena dela gogorarazi.