Hernanik igoera ziurtatu du Mojategin, agurrak eta omenaldiak protagonista izan diren lehian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 29a

Hernanik datorren denboraldian Hirugarren mailan izango dela ziurtatu zuen atzo Mojategin, Mondra 0-3 menderatu ostean. Parekatuta hasi zen lehia, baina minutuak aurrera egin ahala nagusitzen joan zen kanpoko taldea. Atzean sendo eta aurrean eraginkor. Partiduak berak baino protagonismo handiagoa izan zuen partiduaren aurretik egin ziren omenaldiek: beteranoei agurra, emakumeen taldeari pasilloa eta Jaime Lopez hilberriaren Iker eta Josu semeei oroigarria.

Amaitu da denboraldia. Eta Mondrako Jon Muruamendiaratz, Ekain Garin, Illart Etxebarria, Iker Laspiur, Ion Loiti, Iban Roa eta Enrike Tenarendako amaitu da futbola. Bai, behintzat, federatu gisa. Kasuak kasu, zazpi jokalari horiek Hernaniren igoera ziurtatu zen arratsaldean eman zioten amaiera euren ibilbideari, bizitza osoko dedikazioari.

Lehenengo bostei aurreskua dantzatu zieten partidua hasi aurretik, lagun eta egungo zein iraganeko jokalarien eskutik. Atzean, lagun talde ederra, pankarta eta guzti: Futbolien eta jubilaziñuen Peña Txuri-More beti zuekin

Beteranoak betirako agurtu ostean, emakumeen taldeari pasilloa egin zieten bi taldeek, igoera lortu eta Gipuzkoako txapelketa irabazi izanagatik.

Eta partiduaren aurrekoekin amaitzeko, Mondra azkenera arte bihotzean eraman zuen Jaime Lopez gogoan izateko unea heldu zen: bi semeei –Iker eta Josu– haren izenaren eta zalego leiala irudikatzen duen 12. zenbakia zuen elastikoa oparitu zion klubak, oroigarri gisa. Une hunkigarria izan zen; partidua amaitu aurretik, noski, minutu bateko isilunea egin zuten.

Hernani nagusi

Partiduari dagokionez, Mondra saiatu zen baina ezin izan zuen denboraldi oso bateko lana jokoan zuen Hernaniren aurka. Garaipena beharrezkoa zuten Hirugarren maila igotzeko eta hasieran lehia parekatuta egon bazen ere, merezimendu osoz irabazi zuten norgehiagoka. Atzean sendo eta aurrealdean oso eraginkor. Iban Rodriguez entrenatzaileak onartu zuen Hernani gehiago izan zela: "Jardunaldi berezia zen guretako, partidua prestatzea ez da batere erraza izan. Hala ere, gure lana ondo egin dugu baina Hernani oso indartsu eta motibatuta etorri da. Merezimendu osoz irabazi digute".

Partiduaren kronika osoa, Asteleheneko Goiena paperean irakurri ahalko duzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak