Hala ere, badago oraindik zerbitzua nahikoa ez dela uste duen erabiltzailerik. Hori bai, Garibaiko geltokian galdetu diegun erabiltzaile gehienek zerbitzua handitzea "albiste pozgarria" dela uste dute.
Hiru beharrean, sei autobus
Bizkaibusek kudeatzen du A3923 linea eta hori posible izan da Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundien arteko akordioari esker. Hala, zerbitzua bikoiztu egin da, egunero hiru autobus izatetik sei izatera pasa da: Arrasatetik Bilborako zerbitzuak 7:45, 8:45, 9:45, 13:45; 19:45 eta 20:45ean izango dira eta Bilbotik Arrasaterakoak, berriz, 6:00, 7:00, 8:00, 12:00,18:00 eta 19:00etan. Linea bakoitzak funtzionamendu autonomoa izango du, hau da, Lurraldebusekin bidaiatzeko txartel bakarra erabil daiteke eta Bizkaibusekin bidaiatzeko, berriz, Bizkai osoan indarrean dagoen creditrans txartela da erabil daitekeena.
Akordioa indarrean egongo da 2012 urtearen amaierara arte eta modu automatikoan luzatu ahal izango da urtebeteko aldietan.
Erabiltzaileen iritziak:
Julen Bordes, ikaslea

"Oso ondo iruditzen zait, bazen ordua autobus gehiago jartzeko. Durangarra naiz eta orain arte askotan unibertsitateko autobusa hartu behar izaten nuen. Datorren ikasturterako aukera gehiago izango ditugu; albiste ona da".
Natalia Dique, langilea

"Ia egunero erabiltzen dudan zerbitzua da, eta orain artekoa ez zen nahikoa. Asko pozten naiz autobus gehiago jarri dituztelako. Gaur bertan [egubakoitza] enteratu naiz, Bizkaibuseko autobusa ikusi dudanean".