Eskola profesionaleko 100 bat ikasle eta irakasle ohi batuko dira zapatuan Mondragoen

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 27a

Mondragoeko eskola profesionalean industria ofizial maisutza orain dela 50 urte ikasi zutenak elkartuko dira zapatuan. Zaldispe Eskola Profesionalean aritu ziren 1958-1964 belaunaldikoak elkartuko dira, hain justu ere. Eta eskola hartan irakasle izan zirenak omenduko dituzte.

Etenaldi luze baten ostean, lau urtean behin batzeko zuten ohitura berriro ere berreskuratu gura dute. "Bai lan arloan, bai  teknika mailan eta baita giza balioak erakutsi ziguten maisuak omendu gura ditugu" diote antolatzaileek. Orotara, ehun bat ikasle eta irakasle elkartuko dira: 65 ikasle ohi eta beste 17 irakasle ohi. Besteak beste, memoria-liburua argitaratuko dute, "gure eskola profesionalaren garaiak gogoratuz".

Goiz eta arratsalde

Egitarau zabala prestatu dute eguna ospatzeko. 11:00etan hasi eta 18:30eraino.

Hemen egitaraua:

  • 11:00: Meza Arrasateko parrokian.
  • 11:30: Luncha Kasino elkartean.
  • 12:00: Arrasate ezagutzeko ibilaldia kaleetan barrena.
  • 12:45: Ohorezko aurreskua Mondragon Unibertsitatearen pabilioi berrian.
  • 13:00: Garaia Berrikuntza Gunea ikustera bisita.
  • 13:30: Talde argazkia ateratzea.
  • 14:00: Bedoñara bidaia.
  • 14:30: Bazkaria Errastiko jatetxean.
  • 17:00: Memoria liburuaren banaketa.
  • 18:30: Amaiera.

250 orriko liburua

Memoria liburuak 260 orrialde ditu, A4 neurrikoa da, gaztelaniaz eta euskaraz idatzia dago eta argazkiz jantzita dator. 500 ale bota dituzte.

Edukiari dagokionez, zera jasotzen du: eskola profesionalaren historia, Biteriko hasiera (1943), Zaldispera aldaketa (1952) eta Eskola Politeknikoaren inaugurazioa Iturripen (1964).

Horretaz gain, 60ko hamarkadari begiradatxoa ere egiten dio beste atal batean. "Iragana gogoratzeko anekdota ugari eta zenbait ikaskide eta irakasleren oroitzapenak berreskuratu ditugu" diote. Eta, gaur egungo Eskola Politeknikoaren lan-ardatz nagusietara hurbilpena ere egiten du liburuak: espezialitateak, ikasleak, homologazioak e.a.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak