Herri txiroen aldeko Elkartasun Eguna, ekainaren 4an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 26a

Arrasateko Harreman Gobernuz Kanpoko erakundearen eskutik, herri txiroekin elkartasuna adierazteko eguna izango da zapatuan, ekainak 4. Aurten 13 urte beteko ditu ekimenak eta urtero moduan egun osorako egitaraua prestatu dute. Gainera, ekainaren 2an Arrasate Bizirik elkartearekin batera elkartasun izaera izango duen pintxo potea egingo dute: pesetak jasoko dituzte tabernetan, herri txiroen alde.

Harreman Gobernuz Kanpoko erakundea hiru helburu nagusi ditu: herri txiroen arazoaren gainean arrasatearrak sentsibilizatzea, erakundeen inplikazioa areagotzea eta arrasatearren diru-laguntza lortzea garapen bidean dauden proiektuei laguntzeko. Proiektu horien artean aurkitzen dira Mozanbikeko Marrupa hiriko azpiegituren plana eta Indiako Ankur herriko eskolaren proiektua.

Egun osoko egitaraua

Honakoa izango da egitaraua: 10:00etan irekiera ekitaldia egingo dute, 12:00etan txikienendako puzgarriak izango dira, 12:30ean Arrasate Musikalen banda txikiaren emanaldia egongo da, 17:30ean Iker Diaz ipuin kontalaria izango da, 18:30ean dantza saioa eta azkenik, 20:30ean Eroski Bidaiak-en eskutik sariaren zozketa.

Bestalde, ekintza eta gune ezberdinak izango dira egun osoan zehar. Postu ezberdunak: bidezko merkataritzaren aldekoa, te dastatzearena, Ankur-eko (India) umezurtegiaren aldeko Ibai-Arteren tonbola, GKE ezberdinen erakusketa, umeendako puzgarriak eta hezkuntzaren aldeko Arizmendiko ikasleek antolatutako elkartasun izaeradun euroa, besteak beste.

Elkartasun izaeradun pintxo-poteoa, ekainaren 2an

Ekainaren 2an, bestalde, Harreman eta Arrasate Bizirik elkarteak elkarlanean antolatu dute elkartasun izaera izango duen pintxo poteoa. Egun horretan etxeko kaxoietan galduta dauden pesetak batzea gura dute antolatzaileek, herri txiroei begira. Pesetekin ez bada, noski, euroekin ere lagundu daiteke. Nola? Bada, txanponak Arrasate Bizirik elkartea osatzen duten tabernetan –Dublin, Hilarion, Hotel Mondragon, Iturriotz, Lorategi, Monte eta Zuk nahi tabernak– jarriko dituzten itsulapikoetan botata.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak