Ander Etxeberria: "Jaia nolakoa den azaltzen duten ideia deskribagarriak eta errealistak hartu ditu aintzat Sanjuanetako irudia egiteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 26a

Ander Etxeberria arrasatearraren irudia aukeratu du epaimahaiak San Juan jaietarako. Ez da lan erraza izan, izan ere, 49 lan aurkeztu dituzte lehiaketara. Etxeberriak 750 euro jasoko ditu sari eta haren irudia jaietako programaren azalean ikusiko dugu aurten. Albistea "sorpresa atsegina" izan dela dio: "Sei aldiz hartu dut parte eta beti izaten duzu irabazteko esperantza; aurten heldu da eta oso pozik nago". Fondo horia du marrazkiak, erdian San Juan sua eta suaren bueltan "dantzan" jaien parte diren hainbat pertsonaia eta elementu: Eguzkilaru, erraldoiak, kilikiak, zezenak, danborrada...

Irudia egiterako orduan, Etxeberriak azaldu digunez, ideia deskribagarriak eta errelistak hartu ditu aintzat: "Kanpotar bati, eta baita arrasatearrondako ere, jaia zer den azaltzeko irudian agertzen dira sua eta haren bueltan makala. Beste hainbat pertsonaia eta elementu ere sartu ditut, jaiaren betiko elementuak eta berritzaileenak. Izan ere, ez da ahaztu behar 2011rako irudia dela". 1994an hartu zuen parte lehenengoz –orduan akuarelekin egin zuen irudia– eta ordutik beste bost alditan aurkeztu du irudia. Aurtengoa lehen aldia da irabazten duena.

Epaimahaia: SUDC elkartea, Udala eta pinturan aditua

Irudi onena aukeratzeko arduradunak hiru izan dira: SUDCeko ordezkari Andoni Altzelai, jaietako zinegotzi Izadi Mondragon eta pintura tailerreko irakasle Amaia Bengoa. Irudiak ematen duen mezuagatik aukeratu dute Etxeberriaren marrazkia, haren indarragatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak