Zenbat urte daramatzazu udaletxean?
Kontuak atera, 1970. urtean sartu nintzen... Agudo esaten da urte hori, baina ni hona ile beltza nuela sartu nintzen.
Beti izan zara funtzionario?
Ez, ez. Jende askok hori uste badu ere, udaletxera iritsi aurretik tailer baten egon nintzen bost urtez. Baina ordutik hona udaletxean aritu naiz, azken 40 urteetan hemen gertatu den guztiaren lekuko izan naiz. Nire lanpostuko leihoa zabaldu eta guztiaz jabetzen nintzen.
Diktaduratik demokraziarako saltoa ere bizi izan zenuen.
Salto ederra, gainera; dena den, ez zen egun batetik besterako zerbait izan. Diktaduran, udaletxea oso iluna eta zaharkitua zegoen; kolore beltza nagusi zen. Bitxikeria gisa kontatuko dizut lankide batek kaxoi baten sagu bat zuela eta jatekoa ere ekartzen ziola. Hura panorama!
Udaletxean festa egin zenuten Franco hil zenean?
Ez zen festarik egin, ez genekien-eta zer gertatuko zen. Nik ez neukan kartzelan bukatzeko gogorik! Ikurrina legeztatu zen eguna, berriz... hura bai izan zen festa handia! Jendeak egun hartan festa handia egin zuen.
Zenbat alkate pasa dira hemendik zu zaudenetik?
Uf... askotxo. Lehena diktadurak aukeratutakoa zen; gero, demokrazian... Ardantza, Txiron, Loiti, Lakuntza, Ino eta orain, berriaren zain gaude. Bost alkate aipatu besterik ez dudan arren, Txiron-ek agintaldi bat baino gehiago egin zuen hemen, baina, esan bezala, alkate guztiak ezagutu ditut.
Eurekin harremanik izaten duzu?
Nik ez dut politikariekin lan egiten. Baina inoiz paperen bat eskatzera etorri izan dira eta askorekin harreman ona dut, baina nik ez dut politikariekin zuzenean lan egiten. Dena den, hau etxe txikia da eta guztiok gara ezagunak.
Zein izan da udaletxe honetan gogoratzen duzun momenturik estuena?
Txiron-ek jasan zuen mozioan urduritasun momentu ugari bizi izan ziren. Mozioa osoko bilkuren aretoan egin bazen ere, guk dokumentuari sarrera eman behar genion, eta, momentu hartan, hemen zegoen klima ez zen lasaia, ez. Denok dakigun moduan, mozio haren ostean Loitik eskuratu zuen alkatetza.
Jendeak udal kontuez galdera asko egiten dizkizu?
Mordoa. Kaletik noanean jendeak gelditu egiten nau eta galderak egiten dizkit. Egia esan, BAZ zabaldu zenetik jendeak uste du erretiratu egin naizela eta galdera gutxiago egiten dizkit, baina ez da egia, hemen nago! Hiru urte falta zaizkit erretiratzeko!
Lasaiago, baina informatizatuago, ezta?
Ba, bai, eta ez da erraza izan. Asko kosta zitzaidan, baina gaur egun nire buruaz baino gehiago tramankulu honetaz fidatzen naiz. Etxean beste bat erosi dut, eta, noizean behin, trakets samar baina nabigatzen dut.
Jendeak nola deitzen dizu?
Gehienek Aizkora edo Aizkorita, baina 62 urte ditudala kontuan izanda... Aizkora zuzenagoa dela uste dut.
Semeak eta alabak ezizen hori jaso dute?
Ez, eurek ez dute nire ezizena erabiltzen. Bueno, noiz edo noiz, erreferentzia gisa, Aizkora-ren semeak direla diote, baina ez dute gaitzizen propio moduan erabiltzen.
Egia da funtzionarioek hiru aldiz gosaltzen duela?
Gurea ez da bizitza erraza, baina gosaltzeko beti tartetxo bat ateratzen dugu. Hiru aldiz akaso gehiegitxo da, baina tira... noiz edo noiz, mokadutxo bat jaten dugunik ezin dezaket ukatu.
Akaso, turismo liburuetan funtzionarioek egindako kritika gastronomikoak agertu beharko lirateke.
[Barre]. Ez dakit ba... Orain ez dizut izenik emango, baina Arrasateko erdialdean taberna onak ditugu, eta askotan oso gosari goxoak ematen dituzte. [Barre]