Maria Jose Gil: "Gazteak eskailerak igotzen arnasestuka ikusten ditudanean pena hartzen dut"

Xabier Urtzelai 2011ko maiatzaren 26a

Lasterketetan dabilen Debagoieneko atleta beteranoena da Maria Jose Gil. 2008ko azaroan hankan ebakuntza delikatua egin zioten, tumore bat kentzeko. Eta, zortzi hilabete geroago lasterketa bateko irteera puntuan zen berriro, errekuperatuta. Gozatu hutsa da emakume honekin atletismoaz, bizitzako erronkez eta datozen urteotarako dituen asmoez berba egitea. Elkarrizketa amaitutakoan Mojategiko pistan utzi dugu, 1.000 metroko serieak egiteko asmoz.

Etxean baduzu domina eta trofeo gehiagorendako lekurik?
Bai, garaje handia dugu [Barre]. Zapata kaxetan gordetzen ditut domina gehienak, eta trofeoak ere han eta hemen ditut.

Zein da mimo bereziz gordeta duzun domina hori?
Parte hartu nuen lehenengo lasterketakoa, Erandion izan zen, 1993an, eta hirugarren egin nuen.

Berandu hasi zinen lasterketetan parte hartzen.
Oso berandu! Pentsa, 52 urte ingururekin hasi nintzen lasterketetan parte hartzen. Lehenago ere korrika egiten nuen, baina lagunartean, edo nire kontura.

Denboraldia zelan doan galdetu behar nizun, baina dagoeneko hainbatetan izan zara Espainiako Txapeldun, horrenbestez, bikain.
Ezin naiteke kexatu, hori da egia. Martxoan Malagan –Antequeran– pista estaliko Espainiako Txapelketa irabazi nuen, eta 1.500 eta 3.000 metrotako lasterketetan errekorra ondu nuen [6.42 eta 14.21]. Eta apirilean Kantabrian –Camargon– ere lehenengo izan nintzen, baita Haroko krosean ere. Baina egia da ebakuntza izan nuen hanka burukomin bat edo beste ematen hasi zaidala, eta erritmoa jaitsi egin dut apur bat.

Zein da gogokoen duzun distantzia?
Zalantza barik, 1.500 metrokoa. Hor ibiltzen naiz gusturen. 5.000 metrokoa ere egiten dut, baina geroago eta gehiago kostatzen zait distantzia hori betetzea; pista honi 12 itzuli ematea da, eta...

Zure sasoia ikusita, adineko lagunek inbidia izango dute, ala?
Asko mugitu ere ezin dira egin!!! [Barre]. Bromak alde batera utzita, gazteak eskailerak igotzen arnasestuka ikusten ditudanean pena hartzen dut, baita ni baino gazteagoak diren emakumeak ikusten ditudanean ere. Mugitu egin behar gara!
Erretiratuendako antolatzen dituzten irteeratara joaten garenean nire adinekoekin elkartzen naiz, eta aurrekoan, emakume batek esaten zidan etxetik irten ere ez dela egiten. Eta nik esaten nion mugitu egin behar zela, paseatzera irten.

Esan, baina, non dago sekretua?
Norbere burua maitatzean, duda barik. Nik egiten ditudan gauzak nigatik egiten ditut, ez beste inorengatik. Eta lasterketetara joaten naizenean ere borroka handiena nire buruaren kontra izaten dut. Pentsa, lasterketan atzean utzi dudan norbaitek aurrera hartzen badit, amorratu beharrean askotan lasaitu egiten naiz. Eta ondoren nire gizonak esaten dit ea tontotu egin naizen [Barre].
Esaterako, Antequeran gertatu zitzaidan 800 metroko lasterketa amaitzeko azken metroetan atzetik zetorren atleta batek aurrea hartu zidala. Musika tarteko ez nion igarri atzetik zetorrenik, baina ondoren ere ez nuen abiadura areagotu. Ni nire erritmora nindoan, eta nire buruaren kontra nenbilen konpetitzen. Harmailetan, baina, gizona haserretu egin zitzaidan [Barre].

Gaixotasun larri bat gainditu eta korrika egiten jarraitu duzu.
Gimnasioan zenbat ordu egin ditudan... Zorionez tumore ona zen, eta garaiz kendu zidaten. Eta zortea izan dut, medikuak ere korrika egiten zuelako eta hark asko animatu ninduelako. Eta, beherakadak izan ditudanean Andoni fisioterapeutak ere asko lagundu nauelako. Baina, ni ezin naiteke geldi egon, ebakuntza egin eta zortzi hilabetera egin nuen lehenengo lasterketa, gogoan dut, Durangon; Euskadiko Txapelketa zen.

Hurrengo erronkak?
Ekainean edo uztailean Munduko Txapelketak egingo dituzte Coloradon (AEB) eta gustura joango nintzateke hara. Baina, zelako aurrekontua behar den! Gainera, hemen dena futbolean gastatzen dugu... Dena dela, 2013an Donostiara ekarri nahi dituzte Europako beteranoen txapelketak, eta hitzordu horretan egoteak ilusioa egingo zidan.

Eta zergatik ez? Badira zu baino nagusiagoak.
Bai, egia da. Hemen ez da oso ohikoa, baina txapelketetara joaten naizenean jende oso nagusia ikusten dut. Madrilen bada 77 urteko emakume bat korrika egiten duena, eta ikusi egin behar da beroketak egiten dabilenean zelako gimnasia-ariketak egiten dituen.

Zelan entrenatzen zara?
Urteko sasoiaren arabera, baina nire adinean ezin naiz hamabost egun geldi egon, bestela, ea nork mugituko nauen gero... Oraingo astean, esaterako, martitzenean abiadura lantzen ibili nintzen, 100 metroko hamabost serie egin nituen. Martitzenean 300 metroko serieak egin nituen, eta baita eguaztenean ere; 800ekoak egin behar nituen, baina ez nenbilen gustura. Eta, gaur [egubakoitza] mila metroko serieak egin nahi ditut.

Eta, urtean zenbat zapatila pare apurtzen dituzu?
Pare bat zapatila edo... Lehen pistan ibiltzeko iltzedun zapatilak erabiltzen nituen, baina Fernandok [Zufiria] gomendatu zidan gehiago ez erabiltzeko. Horiekin pauso bakoitzean hankak asko altxa behar dira, eta guk arrastaka eramaten ditugu! [Barre].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak