Zuzenekoetan dena ematen duzue.
Jendeak ondo pasatzea da gure helburua, eta, noski, guk haiekin! Inguru hau nahiko hotza da, baina Bizkai aldean jo dugunean, AHTko kanpaldian, esaterako, beste mugimendu bat dago… jendea dantzan eta saltoka… horrekin disfrutatzen dugu guk ere.
Rock tribala, espageti rocka egiten duzue.
Bai; instrumentu ezberdinekin doinu berriak esperimentatzen eta inprobisatzen ditugu. Ukitu ezberdina ematen diogu zuzenekoari. Gainera, gu ere karakterizatuta, paperean sartuta irteten gara taula gainera.
Las moscas lo devorarán todo errezitaldiari musika jarri diozue.
Sor Kanpana-rekin harremana geneukan eta haren poemak musikatzeko aukera eskaini zigun. Zer edo zer melodikoa, suabea egin nahi zuten eta guri primeran iruditu zitzaigun! Gure estilo eta abestiei beste indar eta intentsitate bat eman diegu poema errezitaldira egokitzeko.
Poema oso indartsuak eta gogorrak dira, barruraino iristen diren horietakoak.
Gure musikarekin giro eta atmosfera egokia jartzea lortu dugu. Gitarra edo bateria topera jo beharrean, beste kutsu bat dute kantuek. Ahotsa eta poesia dira garrantzitsuenak. Gabezia, karentzia batekin, malenkonia kutsuko abestiak egin ditugu poesiekin bateratzeko. Sekulako feeling-a izan dugu Kutxi eta Sor Kanpana-rekin! Errezitaldia www.myspace.com/labandadelabuelo webgunean duzue osorik.
Giltzapeko bihotza kantuaren zuzenekoa ere jaso duzue.
Bai; gure abesti zaharrenetako bat da. Zuzenekoetan jotzeko nahiko zaila daukagu kontu teknikoengatik. Aukera Antzuolan izan genuen, eta, aurretik zintzilik geneukanez, DVDan sartu dugu. Bardean grabatutako Malpaso kantuaren bideoklipa ere badakar DVDak.
AHTren kontrako aldarrikapena da?
Bai. Paralelismo bat egin nahi izan dugu Ameriketan indioei gertatu zaienarekin. Hemen ere AHT gure lurretatik pasatzen dela irudikatu dugu Malpaso-n.
So 'ik' so libre y salvaje, Ruperri omenalditxoa?
So 'ik' so, oñatiarrari hartu diogu; libre y salvaje, berriz, Malbe, Bedoñako artzainari. "Larrea eta ura libre", zioen hark. Garai baten, larreen arteko hesirik ez zegoen; askatasun hori aldarrikatu gura dugu guk ere.
Itokiñak kantuari txalapartak oso ukitu berezia eman dio.
Euskal Herriaren gainean hitz egiten dugu eta txalapartaren laguntzarekin ur tantak, itoginak, irudikatzen ditugu. Baserri baten egoera, bizitza kontatzen du aitaita batek. Pixkanaka bere baserria desagertuz, hondatuz doala.
Barru-barruraino sartzen diren mezuak
"Eskarmentu handia dute Kutxi Romerok eta Sor Kanpana-k agertokian; badakite publikoaren arreta erakartzen eta hura zirikatzen. Musikari eta idazle ausartak dira. Horren fruitua errezitaldiak batzen dituen poema gogorrak, intentsuak dira... barru-barruraino iristen diren horietakoak osatzen dute Las moscas lo devorarán todo poesia errezitaldia. La Banda del Abuelo arrasatearrek asmatu dute jarri dioten malenkonia doinuarekin. Didjeridua, gitarra, harmonika, marakak... poema zurrunbilo horien oinarri dira emanaldian. Taldearen ekarpena oso aberatsa da eta errezitaldiko interpretazio gordinaren ezinbesteko bidelagun dira arrasatearrak".