Bertso eskolan hasi zinenean ohikoagoa izango zen neskaren bat edo beste ikustea, baina elite mailan gauza bera da?
Bueno... hau guztia prozesu bat izan da, eta denbora kontu bat ere bat da. Egia da bertso eskolan neska gehiago ginela, baina, hala ere, ehunekoei begiratuz gero, mutilen alboan oso gutxi ginen. Gaur egun ere oso emakume gutxi gaude bertsolaritza mailan. Baina kontuan hartzekoa da azken 30 urte hauetan egin dugun bidea luzea izan dela.
Zer-nolako erantzuna jaso zenuen bertsolari izan nahi zenuela esan ondoren?
Egia esan behar badut, nik ez dut horrelakorik inoiz esan. Bertsolari izatea ez da inoiz nire helmuga izan, guztia joko bat bezala hasi nuen. Bertso eskolan talde polit bat sortu genuen eta pixkanaka-pixkanaka joko huts bat izatetik txapelketak irabaztera pasa nintzen. Familiak ogibidetzat hartu zuen arren, niri kosta egin zitzaidan, talde giroan egiten nuen zaletasun edo jolas bezala hartzen nuen-eta.
Zure buruak jolas horren barruan jarraitzen duen sentipena duzu?
Ez, orain ez. Hori hasierako urteetako kontua zen. Baina, lehen esan bezala, bertsolari izatea ez zen nire ametsen barruan sartzen. Dena den, gaur egun, bertsolaritza nire ogibidea da, ogibide polita, gainera!
Zuk aipatzen duzun ibilbide horretan, inoiz baztertuta sentitu zara?
Baztertua ez, hori gehiegi da. Beti sentitu izan naiz ondo tratatua, baina ezberdin tratatu nautela esango nuke. Lehen urteetan egoera oso ebidentea zen, gai-jartzaileek ere egoera hori markatzen zuten, egoera kuriosoa zen. Talde gaztea osatzen genuen eta, gainera, barruan hainbat emakume geunden... egoera oso ezohikoa zen. Guztiek formalitateak betetzen bazituzten ere, ez ziren oso harreman naturalak, gu elementu arrotzak ginen.
Egindako ibilbide horretan inoiz apurtzaile sentitu zara?
Ez, egia esan, nik lehen esan dudan moduan, ez dut nire ibilbidea aurreikusi, bidea eginez joan naiz. Nire ustez, bertsolaritza jende helduz beteta zegoen eta gu talde gaztea ginen. Horrek apurtu zituen eskemak, emakume izateak ere bere pisua zuen. Dena den, bidea nahigabe egin dugu, ez zen gure asmoa. Ongi pasatzen genuen elkarrekin eta ongi pasatzen genuen bertsotan; horregatik egin genuen aurrera.
Arrakasta horren bidean prentsak nola tratatu zaitu?
Bueno, nire ustez, askotan kazetariak titular handi baten bilaketa horretan galdu egiten dira. Delikatua izateko gogo horretan, ezberdintasuna agerian utzi dute. Momentu honetan ez daukat egoera zehatz bat buruan, baina Gipuzkoako txapela irabazi eta gero, oraindik bertsolari baten konfirmazioaz hitz egiten zen. Normala da nork bere burua definitzeko orduan erreparoak izatea, baina gainontzekoek... Hala eta guztiz ere, ez diot inori errua egotzi nahi, ziur nago askotan zeharka edo nahigabe egindako lana izan dela.
Zu ez zara toreatzailea, baina zure alaba bertsolari izatea gustatuko litzaizuke?
Argi utzi nahi dut ez dudala gaizki pasatu, gorabeherak izan ditut eta zailtasunak ugariak dira, baina oso mundu ederra da. Horrelako mundu aberasgarri bat ezagutzea luxua izan da. Demaseko jendea dago eta atzera begiratuz oso une eta bizipen aberasgarriak izan ditut hemen.
Bertsolaritzan ikusleek pisu handia daukate. Zuk harreman berezirik sumatu duzu inoiz?
Publikoarengandik beti jaso izan dut esker ona, animoa eta estimua; batzuetan, gehiegizko errakzioa izan dela ere esango dute. Askotan, ikusleen gehiegizko animoak segurtasu falta transmititzen zien neska bati babesa erakusteko modu bat izan da, mutilen aldean laguntza estra bat beharko bagenu bezala.
Hortaz, diskriminazio positiboa zer den badakizu?
Diskriminazio positiboa aho biko labana da. Formaz eta txalo kopuruan ikusleen berotasuna sumatzen duzun neurrian, askotan, gero, emaitzen arloan ez da erantzun positibo bera lortzen, hor dago gakoa.
Inoiz guztia bertan behera lagatzeko tentaldirik izan duzu?
Krisiak guztiok izan ditugu. Gaztetan, behin baino gehiagotan guztia uzteko gogoa izan dut, baina kontuan izan behar da bertsolaritza ez dela mundu erraza. Gaztea zarenean, kosta egiten da lagunak kalean utzi eta herririk herri bertsoak kantatzen ibiltzea.
Ezberdintasun hori inoiz desagertuko da?
Nik uste dut baietz, bide onetik goaz. Gauza formaletan asko aurreratu da, baina subkontzientean dauden moldeak oso gogorrak dira eta fosilduta daude, horiek apurtzea ezinbestekoa da.
Eta egungo gazteak nola ikusten dituzu?
Bidearen erdian harrapatu gaituzte, beste ikuspuntu bat daukate. Akaso, adin kontua izango da, baina, euren iritzia ezberdina denez, ziur nago aberasgarria izango dela.
Erabili dituzu zure bertsoak berdintasuna eskatzeko?
Noski, mezua bidaltzeko beste modu bat da. Askotan, egiten diren txisteen edo deserosoak egiten zaizkidan egoeren kontra kantatu dut. Hori, detektatzen ditudanean! Ziur nago nik ere, noiz edo noiz, bertsolari bezala hanka sartu dudala.
Amaitzeko, joko labur bat: Berdintasuna berbak zein errima ditu?
Askatasuna, nortasuna, laguntasuna.
Eta emakumea hitzak?
Umea, begirunea, xumea, unea.