Ogasuneko "eskandaluekin" lotu du Buenek EAJ, eta Aldundira gardentasuna PSE-EErekin iritsiko dela gaineratu

Julen Iriondo 2011ko maiatzaren 19a

Arrasaten izan da goizean Miguel Buen, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko alderdi sozialistaren hautagaia. Buenek gogor egin du EAJren aurka. Adierazi du EAJ politikaren erdigunean ez, Gipuzkoako ogasunean gertatu diren eskandalu guztien erdigunean dagoela, eta PSErekin lortuko dela Foru Aldundi garden bat. Bere alderdia bakea lortzeko egiten ari den ekarpenarekin oso harro dagoela ere esan du Buenek.

Bakea eta askatasuna lortzeko itxaropen garaian gaudela esan du Miguel Buenek Arrasaten, bere esanetan sozialistak etengabe jazarriak eta mehatxatuak izan diren herrian, Isaias Carrasco hil zuten lekuan. Baina terrorismoari dagokionez orain lau urte baino hobeto gaudela esan du, eta azpimarratu "harro" dagoela bere alderdia bake bidean egiten ari den ekarpenarekin.

Bide honetan sozialistek euskal gizarteari tinkotasun, patxada, ausardia, iraute eta aurre egite ejenplua eman diotela gaineratu du Buenek, eta bakerako bideen bila ibili direla goraipatu du. PSEren hautagaitzak bake hautagaitzak direla gaineratu du.

Arlo ekonomikoan gogor egin du Buenek EAJren kontra. Gogora ekarri du sententzia batek berriki adierazi duela Repsolen zituen inbertsioengatik tributatuta lege fiskal iruzurra egin duela Kutxak, Kutxako buru EAJko kide bat dela, eta EAJko Foru Ogasuneko kudeatzaileek onartu egin zutela tributazio modu hori. "EAJk ez du jakin izan foru ogasuna kudeatzen. EAJk dio politikaren erdigunean dagoela, baina gipuzkoarrek badakite EAJ dagoela erradikaltasunaren erdigunean batetik eta Gipuzkoako ogasunean gertatu diren eskandalu guztien erdigunean bestetik.

Hori ez dioela berak bakarrik gaineratu du, gobernuko bere sozioak ere badioela, eta baita Batzar Nagusietan sortu zen batzordeak ere. Foru Aldundi gardena, herritarren zerbitzura egongo dena, puntu ilunik gabekoa, alderdi sozialistarekin lortuko dela esanez amaitu du Buenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak