Alkategaiaren adierazpenen ostean, Arrasateko hautagaiak banan-banan igo ziren koalizioari bozkatzeko arrazoiak ematera. Gero, Martin Garitano Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburuak eta Pello Urizar EAko idazkari nagusiek ere egin zuten berba.
Azkarraga-Urizarren arabera, ezberdintasunak alde batera utzi dituzte Bilduko zerrendak osatzeko: "Zerk batzen gaituen badakigu: Euskal Herriaren independentziak eta beste eredu sozial baten aldeko borrokak. Euskal Herriak bizi duen aldaketaren protagonistak izango gara".
Martin Garitanok, bestalde, "lotsa barik" gertukoei Bilduren aldeko botoa eskatzea proposatu zuen: "Lankideei, senideei, lagunei... eskatu Bilduren aldeko botoa, lotsa barik".
Azkenik, Pello Urizarrek hartu zuen hitza. Kanpainaren barruan egindako ekitaldi guztien artean Arrasatekoa garrantzitsuena dela esan zuen lehendabizi: "Nire herrian da eta hau da ekitaldirik garrantzitsuena". Horrez gain "Bildu efektua" aipatu zuen, besteak beste: "Bildu efektua errealitate bat da Estatuaren aurrean herri moduan erantzuten jakin duena, gure etorkizuna erabakitzeko oztopoen aurrean".

Ekitaldiaren amaieran herri-programak eta domekarako boto-txartelak banatu zituzten herritarren artean.
