Reala ikustera joateko asmoa duenak, jakin, Monte tabernako sarrerak agortu direla. 09:00etan ireki dituzte tabernako ateak, eta ordu erdian saldu dira denak, 40 guztira. Bistan da jendea Reala ikusteko gogoz dagoela, nahiz eta jakin zapatuan sufritzea tokatuko dela: "Aurrekoan Zaragozaren kontrako partiduan ere halaxe egin genuen, sufritu. Eta, zapatuan ere seguru sufritzea tokatuko zaigula, nahiz eta berdinketa batekin ere balio digun. Baina, Realak zaleon laguntza ere beharko du, eta horregatik goaz", adierazi digu, sarrera eskuan Pauliño Arriolak.
Goizean goizetik
Goizeko 6:30erako ate aurrean zegoen bikote bat, mondragoetar bat eta eskoriatzar bat; 7etan etorri da beste bat, Mondragoetik bertatik hau ere. Lehen mailari eutsi eta datorren urtean gorenean aritzeko zapatuan Anoetan Realak eta Getafek jokatuko duten partiduan egon nahi dute zale hauek. Jokalari zuri-urdinen ondoan egin nahi dute, une erabakigarri honetan.