Lurraldebuseko txartelak Kutxaren kutxazainetan kargatu ahal izango dira aurrerantzean

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 18a

Kutxako kutxazainetan ere kargatu ahal izango dira Lurraldebuseko txartelak gaurtik aurrera. Txartel bakardunek egin ahal izango dute hori, Kutxak Gipuzkoan dituen 124 sukurtsaletan. Hala iragarri du gaur Arantza Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak.

Orain arte Lurraldebuseko txartel bakarrak Gipuzkoako estanko eta ohiko egunkari saltokietan karga zitezkeen. 330 lekutan, guztira. Aurrerantzean, Kutxak Gipuzkoako sukurtsaletan dituen 153 kutxazainetan ere bai.

213.550 erabiltzaile

Txartelak kargatzeko modu hau erosoagoa dela esan du Tapiak. Izan ere, orain arte, kargatzeko puntuen ordutegiaren mendean zeuden Lurraldebuseko 213.550 erabiltzaileak.

Bestalde, Arantza Tapiak gogorarazi du, Arrasate, Donostia eta Hernaniko bus urbanoen erabiltzaileak ere badirela Lurraldebuseko txartel bakarraren onuradun eta horiek ere erabili ahal izango dutela zerbitzu berria.

Arantza Tapiak eta Kutxako zuzendari nagusi Carlos Tamayok egin dute zerbitzu berriaren aurkezpena gaur Donostian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak