Juan Karlos Garitano: "Hutsik dauden industria pabilioiak enpresa ekintza berrietarako erabiltzeko neurriak hartuko ditugu"

Julen Iriondo 2011ko maiatzaren 18a

Arrasaten egin zuen atzo iluntzean EAJk eguneko kanpaina ekitaldi nagusia. Garitano alkategaiarekin batera Joseba Egibar GBBko burua, Iñigo Urkullu EBBkoa eta Markel Olano Ahaldun Nagusitarako hautagaia izan ziren hizlari.

Ezin dugu beste lau urte geldi egon. Arrasateko gaur egungo gobernuarekiko kritika iradokiz hasi zuen bere jarduna Juan Karlos Garitano EAJren alkategaiak. Udaletxeko kudeaketa ereduak aztertu beharra nabarmendu zuen, bertako baliabideak hobetzeko: “Eta ohiko gastua igo gabe herriak behar dituen inbertsioak egin ahal izatea ere lortu behar dugu. Bestetik, 1.300 langabe pasa daude Arrasaten; udalak kontuan izango ditu hauek”, adierazi zuen Garitanok. Herrian industria pabilioi eta merkataritza lokal ugari hutsik, erabilpen barik, daudela eta udalak hauek enpresa ekintza berrietarako erabiltzeko neurriak hartu behar dituela gehitu zuen. Pertsonen formazioa bultzatzearen garrantzia ere azpimarratu zuen, kalitatezko enplegu baterako prest egon daitezen. Euskalgintzaren eta bakearen alde egingo duela ere agindu du EAJren alkategaiak.

 

Alderdi jeltzaleko buru nagusiek ere hartu zuten parte Arrasateko ekitaldian. Bildu izan zuten batetik hizpide. Joseba Egibarrek adierazi zuen zazpi hari-muturreko mataza ez dela erreala, korapilo pila bat agertuko direla barruan eta korapilook moztu egin beharko dituztela ezinbestean. Iñigo Urkulluk, berriz, Bilduk proposatzen duena zaharkitutako sozialismoa dela adierazi zuen. Eta alderdi sozialista eta popularra izan ziren EAJko buruen beste jomuga: “Bi urtean xahutu dituzte EAJk zuzendutako gobernuen emaitza onak, sei aldiz biderkatu dute zorra”, salatu zuen Urkulluk.

 

PSOE-PP itunarekiko alternatiba bakarra eurak direla nabarmendu zuten: “Inor ez dadila damutu domeka gauean; inork ez dezala esan 'ez nuen uste hau gertatuko zenik'; adibidez, 'ez nuen uste PSE-EEk eta PPk bat egingo zutenik'. Zenbakiek ematen badiete, duela bi urte moduan, berriro egingo dute bat”, ohartarazi zuen Markel Olanok. Olanok gaineratu zuen EAJk eredu sendoa duela ekonomian, krisiari eta langabeziari aurre egiteko balioko duena, eta zentzu horretan, formazio, ikerketa eta garapen, enplegu eta elkartasunari dagokienez Debagoienean egiten dena eredugarria dela nabarmendu zuen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak