Maddalen Iriarte kazetariaren galderei esker Edurne Brouard gertutik ezagutzeko aukera izan zuten ikusleek. Besteak beste, euskalgintza, herrigintza eta politikagintza izan zituzten hizpide eta elkarrizketa saioaren amaieran ikusleek Brouard zein Iriarteri zenbait galdera egin zizkioten. Bi emakume protagonistendako halakoak ekimen "oso interesgarriak" dira.
Edurne Brouard: "Oso ekimen interesgarriak dira, batez ere halako formatu txikian direnak. Hain zuzen ere, feedback-erako aukera ematen dutenak. Oso gustura egon naiz eta esan ditudanak egiagoak dira besteetan baino. Horrekin ez dut esan nahi besteetan gezurrak esaten ditudanik, baina honakoetan adierazpenak landuagoak eta pentsatuagoak izaten dira. Gainera, hain hurbila izatean, sentipenak emateko eta batez ere sentipenak jasotzeko aukera ematen dit. Formatu polita izateaz aparte, eraginkorra dela esango nuke".
Maddalen Iriarte: "Pertsonalki aukera ematen didate jendearekin kontaktuan egoteko eta hori oso aberasgarria da. Gainera, herri ezberdinetan euskararen, une politikoaren eta beste hainbat gaien gainean herri honek hausnarketa egin behar duela deritzot eta horretarako ekimen ezin hobeak dira halakoak".