Denboraldia luzea egin zaie Mondrako neskei, eta EAEko talde indartsuena nor den jakin barik Mondrako neskak mailaz igoko dira: "Polita izango litzakete torneo hori jokatzea, igoera ondo merezi genuela berresteko. Baina, egia da urtea luzea izan dela, eta datorren denboraldia prestatzeko ondo etorriko zaigula orain atseden hartzea", adierazi zuen Harmailatik saioan Mondrako hiru gonbidatuetako batek, Oihana Aldai atezainak.
Arabako ligako taldeek ez zuten kategoriaz igo nahi, Bigarren mailak izango dituen gastuei aurre egiteko gaitasunik izango ez dutelakoan. Hala, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek egingo dute gora.
"Denok inplikatu beharko dugu"
Halaxe adierazi zuen Jon Zuloagak Goiena Telebistan: "Aurrekontu handiagoa beharko dugu, eta oraingoz, zuzendaritzatik esan digutena da denok inplikatu beharko dugula horrelako liga batean jokatzeko beharko den dirua lortzeko". Esfortzua, baina, ez da arlo ekonomikora mugatuko: "Bidaia luzeagoak egin beharko ditugu, eta gogor entrenatu beharko dugu aurtengo ligatik bigarren mailara salto handia egongo delako", adierazi zuen Maitane Roak.
Euskadiko futbol federazioa maiatzaren 26an batzartuko da Mondrako zuzendaritzarekin, kategoria berriak izango dituen xehetasunak azaltzeko.