Lau urte inguru daramatzazue agertokietan.
Taldea 2008ko udan sortu genuen Andonik, Oxelek eta Rubenek. Sei hilabete geroago Aitor sartu zen taldera baxu-jotzaile moduan. 2009ko irailean lehen kontzertua eman genuen. Eta zenbait zuzenekoren ostean, 2010eko udan diskoa grabatu genuen eta apiril bukaeran iritsi zaizkigu CDaren kopiak.
Intentsitate handiko zazpi abesti batu dituzue.
Bai. Denbora erdiko erritmoak daude, baina, era berean, sekulako indarra dutenak. Oso estilo pertsonala egiten dugu. Thrash metalaren influentzia badago, noski, eta baita death melodikoarena ere. Ez dugu beste talderik imitatu nahi.
Todavía queda gente ignorante q busca un dios... diozue.
Heriotzaren aurrean oraindik jendeak daukan beldurra eta Jainkoaren beharra dutenak asko dira. Jainkoa bilatzeko beharra sentitzen dute, bizitza aseguru bat izango balitz bezala. Baina okerrena da ignorantzia hori ikusita iruzurgile askok aprobetxatu egiten dutela horren kontura bizi izateko.
Numen eta Brutal Melody moduko taldeek thrash metalari bultzada eta oihartzuna eman diote.
Gutxiengoa izaten jarraitzen dugun arren, tarteka talde berriren bat ere jaiotzen da. Gainera, sekulako maila dutela ikusi dugu. Hau ez da moda bat; horregatik, thrash metala gustuko duenak bizitza osoan entzungo du.
Zeri abesten diozue?
Gizakiaren jarrerari abesten diogu, nagusiki, gure abestietan. Ignorantzia, beldurra, gorrotoa, gezurra eta diruzalekeria da nagusi gure gizarte honetan. Hitz bortitzak eta gogorrak erabiltzen ditugu, gure musikak eskatzen dizkigunak. Baina ez gara bortitzak, ezta satanikoak ere. Ez dugu hil-kutxetan lo egiten. [Barre] Musika hau gustuko dugun jende arrunta, normala gara.
Zuen barrua betetzen duten doinuak direla diozue.
Metala maite dutenei abesten diegu. Askok ez dute ulertzen eta gauza arraro bat izango balitz bezala ikusten dute.
Muturreko doinuak riff gogorrekin eta akorde melodikoekin batzen dituzue.
Bai, halaxe da. Doinu markatuenak doinu gogorrenekin kontrastea egiteko aprobetxatzen ditugu; tarteetan eta errepikapenen batean sartzeko ere aprobetxatzen dugu.
Grabazio prozesua nola joan da?
Auryn Studios-ko Tristanek landu digu. Lokalean grabatu dugu eta hark egin du nahasketa eta masterizazio lana. Oso pozik gaude emaitzarekin!
Orain ze asmo duzue?
Kontzertuak ematea eta gure lana ezagutzera ematea. Kantu berriak egiten ere bagabiltza. Bost euroren trukean, Arrasateko taberna batzuetan dago CDa salgai. Abestiak entzungai: myspace.com/linedgrupo.
Muturreko doinuak abiadura handian
"Arrasateko Trash metal talde gaztearen lehenengo diskoak hasieratik harrapatzen zaitu. Lehenengo abestitik bukaeraraino muturreko doinu gogorrak ditu. Ahots urratua, abiadura eta riff gogorrak dira diskoaren ardatza.
Abestien letrak soinua bezain bortitzak eta zuzenak dira. Gizakiaren jarrera, ignorantzia, beldurra, gorrotoa, gezurra eta diruzalekeria... Musikaren gogortasunak letra bortitzak eskatzen ditu.
Abiadura, riff indartsuak, abiadura, soinu gogorra, abiadura, akorde melodikoak eta abiadura handiagoa! Debut lana aurkezten dabiltza, zure herritik pasatzen badira ez galdu aukera muturreko doinuez gozatzeko".
Imanol Soriano