Urbanoarendako bi geltoki berri eta Garagartzako ortu ekologikoen lankidetza hitzarmena, agur kutsua izan zuen osokoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 17a

Atzoko osoko bilkurak agur kutsua izan zuen. Ez da azken plenoa izango, baina ia zinegotzi guztiek legealdiaren balorazio txiki bat egiteko erabili zuten. Asistentzia erabatekoa izan zen, hau da, udalbatzako 21 zinegotziak bertan izan ziren. Besteak beste, urbanoak bi geltoki berri izatea eta Garagartzako Ortu Ekologikoen elkartearen –GOEE– eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartu ziren. Hitzarmen horretan ortuen funtzionamenduaren irizpideak zehazten dira. 

 

Autobus urbanoaren zerbitzuan bi parada berri jartzea onartu zuten . Bata, Altamirako Jose Luis Iñarra kaleko 21-31 zenbakien artera iritsiko da. Eta bestea, Malbinetako (Gorostizako) goialdean dagoen Maitena kalean. Altamirako auzotarrek hainbat urte daramate mugikortasun-arazoak salatzen. Bi urte eman dute sinadurak biltzen, eta auzotarren 118 sinadura lortu dituzte. Horregatik, auzotarrek Udalari eskatu izan diote igogailu publikoak goraino luzatzea, edo igogailu hori auzunearekin elkartzea (pasarela batekin), edo urbanoa haraino igotzea. Udalbatzak aho batez onartu zuen.

 

Bestalde, Garagartza ortu ekologikoak ere izan zituzten hizpide. Lankidetza hitzarmena sinatu zuten Udalaren eta Garagartzako Ortu Ekologikoen Elkartearen artean. Hitzarmen horren helburua da finkatzea bai utzi beharreko ondasunak eta bai funtzionamendu eta koordinazio irizpideak. Udalaren ahalmenak eta elkartearen ahalmenak zehazten dira hitzarmen horretan. 

Herritarren esker ona

Gai zerrendaren azken puntuan, hots, Galde-eskeen puntuan, zenbait arrasatearrak talde mistoaren lana goraipatu zuten eta, "oztopoak oztopo", egindako "lan eskerga" dela-eta esker ona eman zien zazpi zinegotziei. Bertso baten bidez esker on hitzak izan zituen beste herritar batek. Bertso abesten hasi zenean, PSE-EEko zinegotziak altxa eta pleno aretotik alde egin zuten.


 

Alkatearen eta gainerako taldeen balorazioa

Horren ostean, Ino Galparsoro alkateak legealdiaren balorazio labur bat egin zuen: "Ez dago soberan esatea azken lau urteak gogorrak izan direla, denetarik bizitzea tokatu zaigu-eta. Estatuak Euskal Herrian eta bereziki Arrasaten izan duen eragina ez da nolanahikoa izan. Euskal gatazkaren jomugan jarri dute Arrasate eta presiopean eduki gaituzte. Gure asmoa ez da zauriaren gainean gatza botatzen jarraitzea, dagoeneko asko sufritu dugulako. Baina aukera hau aprobetxatu gura genuke, inoiz baino gehiago, euskal gatazkaren konponbidea guztion esku dagoela esateko".

Udal gobernuaren eguneroko lanaren gainean honakoa adierazi zuen: "Udal gobernuaren lana hutsaren ondorengoa izan dela, iniziatibarik izan ez dugula, besteen proiektuen aurka egin dugula eta denetarik egotzi digutenei esan gura diegu batzordeetan hemen gaudenok, eta hori udal langileek ziurta dezakete, zer egin den eta zer ez. Eta horrekin ez dugu gure jarduna goraipatu nahi: toki guztietan bezala, gaizki eta ondo egindakoak izan dira baina bai salatu gura dugula oportunisten oposizioa mediatikoa".

Gainerako taldeek ere –PSE-EEk ezik, plenoa amaitu baino lehen joan zirelako– balorazio txiki bat egin zuten. Hona hemen esandakoak:

EAJ (Larrazabal): "Kontzientzia lasai dugu, ahal izan dugun heinean, proiektuek aurrera egin zezaten kolaboratu dugulako. Bestalde, udal langileen lana ona eskertu gura dugu".

EA (Urizar): "Legealdi gazi-gozoa izan da. Oso une txarrak pasa ditugu baina izaeraz positiboa naizeanez, orokorrean ikusi dudan lanerako borondatearen geratzen naiz".

Zutik (Monge): "Ez gara hurrengo legealdian egongo, baina horrek ez du esan nahi lanean eta borrokan jarraituko ez dugunik".

Aralar (Etxeberria): "Ekimen batzuk aurrera atera dira eta beste batzuk, ordea, mahai gainean geratu dira. Hala ere, bizitza ez da hemen amaitzen eta hurrengo datozenak izango dute aukera ekimen horietan aurrera egiteko". 

PP (Lamarain): "Jarraitzen dutenekin egongo gara eta bazoazten guztioi zorte ona opa dizuet bizitzan. Ororen gainetik denok gara pertsonak".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak