"Izen eta abizenekin" aurkeztu du programa Aritz Arrieta PSE-EEko alkategaiak, gainerakoen "sasi-programen" aurrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko mai. 17a, 15:12

Kulturaten egindako prentsaurrekoan, Aritz Arrieta PSE-EEko alkategaiak datozen lau urteetan alderdi sozialistak bultzatuko dituen proiektuak ezagutzera eman ditu. Programa "izen-abizenekin" aurkeztuko duela adierazi du agerraldiaren hasieran. izan ere, ezagutzen dituen gainerako alderdien programak "sasi-programak" dira haren ustez: "Ez dute ezer zehatzik aurkezten eta guk programa zehatza eta izen-abizenekin aurkezten dugu".

PSE-EEk Arrasaterako duen programa bost zutabetan oinarritu du Arrietak: ekonomia, kooperazioa, hirigintza jasangarria, elkarbizitza eta azkenik, kultura eta kirola. Hainbat proiektu dituzte esku artean, beti ere Arrasate Debagoieneko hiriburu bihurtzeko helburuz: Arte eszenikoen eskola sortzea –izena pentsatu dute dagoeneko: Mondragon Brain Storm–, geltoki intermodala Eroski ondoan jartzea, erdigunean, San Frantziskoko errotondatik Muxibarrera arteko tartea berrantolatzea eta autoa gutxiago erabiltzeko kontzientzia zabaltzea...

Hainbat proiektu

Horrez gain, honako proposamenak ere egin ditu, besteak beste: lanak esleitzerako orduan, herriko enpresak eta bertako langabeak kontratatzen dituztenak lehenestea; Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio egoki baten bitartez, segurtasuna hobetzea; garbitasun ordenantza indarrean jartzea; auzoetan haur-parkeak, beharrezkoa ikusten den tokietan komun publikoak eta bidegorrian iturriak ipintzea; alokairuzko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea; bosgarren edukiontziaren alde egitea; Arrasate Debagoieneko hiriburu izan dadin lan egitea; leku publikoetan kalitatezko wi-fi guneak ezartzea, eguneko 24 orduetarako; edota kirol instalakuntzetan hobekuntzak egiten jarraitzea.

Finantziazioa hobetu, erakunde publikoekin harreman sendotuz

Asmo horiek denek eta gehiagok osatzen dute Arrasateko sozialisten programa eta, egoera ekonomikoa zaila dela onartu arren, erakundeekin berrartu asmo dituzten harremanei esker, errazagoa izango dela esan du Aritz Arrieta alkategaiak: "Azken lau urteotan Arrasate eta Debagoiena Gipzukoako Aldundiaren herri ahaztuak izan dira, eta gurean egin diren proiektu  handienak Zapateroren E-plaren eta Jaurlaritzaren Hiriber planari esker egin dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak