Jose Luis Armendia: "Medikuntza naturista eta tradizionala elkarren osagarri izan beharko lirateke "

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 17a

Aspaldiko ezaguna da Jose Luis Armendia (Arrasate, 1945) Arrasate eta inguruko herrietan. Ezaguna yoga eskolako sortzaile izan delako, eta irakasle nekaezina inguruko herrietan. Medikuntza eta bizimodu naturista ondo asko ezagutzen ditu, beraz.

Eta orain, gaixotasunari aurre egitea tokatu zaionean, medikuntza naturista eta tradizionala uztartzearen onurak nabarmendu gura ditu: "Asmari aurre egiteko akupuntorearengana joan nintzen orain urte batzuk; bada, bi saiotan kendu egin zidan asma, eta hortik aurrera, tarteka joatea nahikoa izan zait asma barik bizitzeko. Gero, txiza arazoekin hasi nintzenean –orain hamar urte, Indiatik bueltatu nintzenean– anbulatorioan ez zidaten zer izan zitekeen esan: akupunturaz eta elikadura zainduz lortu izan dut hamar urteotan zunda barik jarraitzea. 

Elikaduraren garrantzia
Armendiaren arabera, badaude jaki batzuk berez hotzak direnak: frutak, gozokiak, azukrea, letxuga… "Horiei esaten zaie Yin", dio. Bestalde, badaude beste elikagai batzuk beroak direnak: gatza, arrainak, arrautzak, haragiak… "Horiek dira Yang". Beste batzuk, berriz, neutroak ei dira: barazki borobilak –porruak, azenarioak, apioa…–, zerealak… "Bada, elikagaien arteko oreka bilatu behar da gaixotasunei aurre egiteko. Nik dudan asma eta txiza edo prostatako arazoak gaixotasun hotzak dira. Eta horri aurre egiteko, elikagai beroak edo neutroak jan izan ditut", kontatu digu: "Eta horri esker lortu dut hamar urte hauetan aurrera egitea. Hipokratesek orain 2.500 urte esan zuen moduan, zure elikadura zure medikuntza izan dadila eta zure medikuntza zure elikadura". Gainera, zerealen garrantzia azpimarratu gura izan du Armendiak: "Hiru dira berezienak: arrozak, gari beltza eta artatxikia –gazteleraz, mijo–, guztiak ere integralak. Beste batzuk ere badaude, adibidez, kinoa eta oloa –gazteleraz, avena–.

Akupuntura eta homoepatia
Armendiak azaldu duenez, orain lau bat urte berriro ere azaldu zitzaion gaixotasun bera eta medikuntza tradizionaletik joanda ebakuntza egin beharra azpimarratu zioten. Akupuntura eta homeopatia uztartu zituen, eta gaur egunera arte bere kabuz heltzea lortu du. Orain, berriz, gaixotasuna berriro ere azaldu zaio eta ebakuntza egin behar izan diote. Bada, ebakuntzarako orduan ere sumatu ditu medikuntza naturistaren onurak: "Ebakuntzan akupunturan erakutsitako arnasteko modua erabiltzen, bihotzaren taupaden erritmoa orekatu eta lasaitzea lortu nuen. Ebakuntza egin behar zidaten profesionalek ere nabaritu zuten berehala, eta horretan segitzeko esan zidaten. Ebakuntzaren ostean, berriz, abisatu zidaten lehenengo gaua oso gogorra izango zela, eta aldiz, lo seko geratu nintzen gau osoan. Osteko errekuperazioa ere oso erraza izan da".

Paralelo joatea, "onena"
Amaitzeko, urte hauetan guztietan medikuntza naturista landu eta aldarrikatu duen Jose Luis Armendiak helarazi gura du "naturista eta tradizionala uztartzeari esker" lortu duela gaixotasunaren hedapena moteltzea eta gaixotasunaren kontrako tratamendua hobetzea :"Bi medizina motek dituzte onurak. Tradizionala hobea da diagnostikatzeko eta gaixotasun estrukturalekin askoz azkarragoa da. Naturista, berriz, hobea da gaixotasun funtzionaletarako –bizkarreko minak, nerbioa...–. Beraz, biek paralelo joan beharko lukete".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak