Azken 25 urteotan aurrerapauso handiak eman dira Arrasaten euskararen normalizazioan. Aurrerapauso horren errudun dira, esaterako, eskolek eta euskaltegiek belaunaldi euskaldunak gizarteratzen egin duten lana. Eta ezin dira ahaztu, noski, beste zenbait alorretan egin den ahalegina, besteak beste, merkataritzan, zerbitzuetan, herri komunikabideetan eta enpresetan. Datuek, justu-justu bada ere, Arrasate herri euskalduna dela diote –arrasatearren %56ak euskara du lehen hizkuntza– eta hori horrela, udal langileak euskalduntzeko baliabide "asko" ipini ditu Udalak. Hala ere, Udalak alderdi politikoei hautagai euskaldunak aurkezteko eskatu die gainean ditugun maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeei begira. Funtzio publikoa betetzen duten heinean, herritar guztiei erantzun behar dietela uste du Udaleko Euskara Sailak, eta gurean hizkuntza ofizialak euskara zein gaztelera direnez, zinegotzi guztiak elebidunak beharko liratekeela deritzo.
Izan ere, datozen lau urteotako zinegotziek euskaraz jakiteak "garrantzi handia" du, Udaleko Euskara Sailaren ustez: "Udalean urteetan euskararen normalizazioan egin den ahalegina bertan behera ez geratzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko oso garrantzitsua da zinegotzi euskaldunak izatea. Horregatik alderdi politikoei zatoz Udalera euskaraz esaten diegu".
Herritarrendako dei zuzena
Herritarrek Udalean euskaraz egin ahal izatea bermatu gura du ekimenak, baina horrek ez du ezertarako balio arrasatearrak ez badira euskaraz zuzentzen. Hala, herritarrei dei egin diete euskaraz egiteko, Udalarekin dituzten harreman guztietan: "Zuri ere badagokizu euskararen egoera normalizatzea, zure esku ere badago".