Unibertsitateko ikasle eta langileek jaurtitzerakoan, arrautza babestuko duen tramankulu bat diseinatzea da lehiaketaren helburua, eta irabazleek arrautza ahalik urrunen jaurti behar dute, apurtu gabe.
Beren tramankulua diseinatzeko, parte-hartzaileek tamaina ertaineko oilo-arrautza bat, kartoi mehea, soka eta kontaktuko kola erabili ahal izan dituzte.
Unibertsitateak ikasleen diseinuak hiru kategoriatan saritu ditu: distantzia, diseinua eta hegaldia.
Aukeraturiko lekua Mondragon Unibertsitateko Goi Mailako Eskola Politeknikoko Liburutegiko hirugarren solairuko leihoa da. Ikasleek bertatik jaurti dituzte arrautzak futbol zelairantz, beren tramankulu bitxietan, 15 metroko garaieratik.
Guztira, lehiaketan hiru eta bost kideko 30 taldek hartu dute parte, gutxi gorabehera 120 parte-hartzaile inguruk. Horiek guztiak unibertsitate honetako Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta langileak dira.
Aurtengo edizioko irabazleak, kategoriaren arabera, honako hauek izan dira:
- Distantziaren kategorian: GRT Taldea. Eren Larena, Xabier Sánchez, Ekaitz Arruarte eta Marco Alijostes
- Hegaldiaren kategorian: Hegglize Taldea. Antton Izagirre, Alex Altuna eta Jon Lanborena.
- Diseinuaren kategorian: Pepin Flower Taldea. Nere Carrera, Nerea Barrosa, Irati Arrillaga eta Mikel Gurrutxaga.