Zer moduz atzamar hori? [Otsailean ebakuntza egin zioten, entrenamendu saio batean lurraren kontra atzamarra hautsi ostean]
Ondo, dagoeneko hainbat hilabete igaro dira min hartu nuenetik, eta oraindik mugimendua guztiz errekuperatu ez badut ere, ondo indartu zait atzamarra.
Txarrena da atzamarra errekuperatzearekin batera, Athleticek eta Realak jokatutako derbiaren ostean [ordezko atezaina izan zen San Mamesen] domekan Leonen jokatu nuela, eta abduktorean min hartu nuela.
Lasaitasunez hartu behar, orduan.
Bai, pena ematen dit sekulako gogoekin nebilelako, lesio batetik errekuperatzean inoiz baino motibatuago egoten zara, dena geratzeko gauza zarela uste duzu. Baina, berriro ere geratu egin behar.
Hilabete beharko dut errekuperatzeko, neurri handian amaitu zait liga denboraldia. Abuztuan, baina, 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa izango da Kolonbian, eta hitzordu horretarako ondo errekuperatzen saiatu behar naiz.
Realaren kontrako derbian komunikabidetan Fernandez abizena entzun genuenean askok pentsatu genuen debutatzeko ordua iritsi zitzaizula.
[Barre] Bai, Raulek eta biok abizen antzerakoa dugu [bestea Raul Fernandez-Cavada da], fisikoki ere nahiko antzerakoak gara, hileoriak biak, eta Lezaman bat baino gehiago etorri izan zait Raul naizelakoan sinadura eske.
Pena, ez zela Arrasateko Fernandez.
Beno, normalena zen Raulek egitea debuta, ni baino nagusiagoa da eta bera da Athleticeko bigarren atezaina. Ni, berriz, hirugarren atezain moduan nago. Egia esan, debuta egiteko eskenatoki ederra zen, Realaren kontrako derbia, San Mamesen sekulako giroa... Aldi berean, baina, presio handiko partidua zen; amestutako debuta egin zuen Raulek, partidu borobila. Ea nik ere aukera dudan, oraindik gaztea naiz-eta.
Sarri entzun izan dugu Aitor Fernandez dela Athleticek etorkizunean izango duen atezaina.
Ea egia den... [Barre]. Dena dela, futbolean edozer gerta daiteke, faktore mordoa daude aurrera edo atzera egiteko, eta jokalariok kontziente izan behar dugu, esaterako, edozein momentutan hautsi dezakegula belauna. Kasu askotan gora egiteko faborito ziren horiek bidean geratu dira. Esaterako, entzun dudanez Ansotegik Eibarren oso gutxi jokatzen zuen, eta begira zelan dabilen Realean.
Beste adibide bat da Athletico de Madrid taldeko David de Gea atezaina. Ni baino urtebete nagusiagoa da, eta harrituta nago duen mailarekin. Datorren urtean ez dut uste nik haren maila izango dudanik [Barre]. Orain dela urte gutxi bere taldeko laugarren atezaina zen, aurretik zegoen Asenjo, esaterako, eta ikusi zelan aldatu diren gauzak. Asenjo Malagan dago, berriro ere belaunean min hartuta, eta de Gea Manchesterrera joateko eskaintzekin.
Lezamako harrobian ez dago, baina, zure kurrikuluma duen beste atezainik; Bigarren B mailan titular, 20 urtez azpikoetan Espainiako selekzioan...
Bai, baliteke. Baina berriro diot, futbolean edozer gauza gerta daiteke, eta atzo izan zinenak, edo ordura arte egin duzunak ez du ezertarako balio.
Ze harreman duzue atezainon artean? Eta orokorrean taldekideen artean?
Oso ona, benetan, familian bageunde moduan. Gorka Iraizozen ondoan mordoa ikasten dugu Raulek eta biok, aholkuak ematen dizkigu, gauza txikiak zuzendu... Batez ere lasai egoteko eskatzen digu, eta ikustekoa da berak zelako lasaitasuna transmititzen duen.
Eta, taldean ere giro ona dago, ez daude taldetxoak eta horrelakoak. Noski, gauza batzuetarako jerarkia oso argi dago, esaterako, entrenatzailearekin berba egin nahi dugunean, ala zerbait eskatu. Orduan Ocio, Orbaiz... nabarmentzen dira. Jokalarion artean, baina, ez dago halako alderik.
Egunotan Bartzelonaren eta Madrilaren arteko derbietan ikusi ditugu nortasun handiko bi atezain aurrez aurre. Nor aukeratuko zenuke?
Valdes, duda barik. Nik uste dut Casillas baino osoagoa dela, nahiz eta detaile batzuetan Casillas hobea den. Goitik askoz ere hobea da Valdes, eta baita hanka-jokoan ere. Titulu mordoa irabazten dabil, oso gol gutxi jasotzen ditu eta talde barruan ere rol garrantzitsua betetzen duela uste dut. Hori gutxi balitz, fisikoki sekulako gorputzaldi onean dagoela esango nuke.
Eta, Aitor Fernandez zelakoa da berdegunean?
Buf, galdera ona da hori... Akaso, beste batzuek erantzun beharreko galdera da, baina nire ustez atezain lasaia naiz, jokalariei etengabe berba egiten ibiltzen dena, bakoitzaren posizioa zuzentzen. Askotan ez da antzematen, baina atezainak jokalariak ondo kokatzen laguntzen badu eraso jokaldi asko sahiestu ditzake, nahiz eta gero, akaso, ez duen geldiketa ikusgarririk egingo.